Prentsa Oharren banner

Udala Lanean ari da sail arteko jarduera-plan batean, kalera agertzen diren arratoien aurka egiteko

Kirol eta Osasun saileko zinegotzi Livia Lópezek jakinarazi du gaur goizean Gasteizko Udala sail arteko jarduera-plan bat diseinatzen ari dela, bide publikoen arratoien presentzia kontrolatu eta ekiditeko lanetan zerikusia duten udal-sailen jarduera koordenatua ahalbidetzeko. Horretarako, mahai bat osatu dute Osasun Publikoaren,  Ingurumen Plangintza eta Kudeaketa, Udaltzaingoaren eta Parke eta Lorategien zerbitzuek, auzian zerikusia duten alorretatik neurririk eraginkorrenak diseinatu ahal izateko.

Besteak beste, jarduera hauek hartzen ditu baitan planak: arratoien presentziari buruzko diagnostiko ahalik eta xehatuena egitea, abiarazitako neurrien eraginkortasuna ahalik eta xehetasun handienarekin jarraitzeko aukera emango duen aplikazio bat garatzea, puntu beltzak garbitzeko lanak areagotu eta sakontzea, eta gordeleku eta habiak izan ditzaketen parterreetan berariazko jarduerak egitea.

Giltzarri izango da herritarren kontzientziazioa, eta horretarako zaborrak modu egokian kudeatzearen garrantzia azpimarratzeko informazio-kanpaina egitea planteatzen da; izan ere, edukiontzien kanpoan janari-hondarrak uztea da arratoien presentzia sustatzen duen faktore nagusienetako bat. Informazioarekin batera, aldian-aldian edukiontzietatik kanpoan dagoen zaborra kontrolatzeko kanpainak egingo ditu Udaltzaingoak.

Ekintza horiek guztiak gehituko zaizkie dagoeneko desinfektatzeko eta intsektu zein arratoiak desagerrarazteko zerbitzuaren kontratuaren bitartez egiten direnei. Kontratu hori indarrean joan den urteko abuztutik, eta hobekuntza nabarmena ekarri du aurrekoarekin konparatuz gero, auzo guztietan eta hilean behin kontrola eta jarraipena aukera ematen duelako (lehen lau hiletik behin egiten ziren lan horiek). 010 zenbakian abisurik jasoz gero, adierazitako leku zehatzean ez ezik, inguru guztira zabaltzen dira aipatutako lanak.

Livia Lópezek adierazi bezala, zerbitzu horren balorazioa positiboa da, abisuei berehala erantzuteko(beti lehen 24 orduetan) eta atzemandako fokuetara aurreikusi baino bisita gehiago egitea ahalbidetzen duelako. Edonola ere, zerbitzuaren jarduera ahalik eta eraginkorrena izan dadin, funtsezkoa da edukiontzi eta paperontzien kanpoaldean zaborrik ez uztea.

Share