Prentsa Oharren banner

Azaroan deituko da tranbia Salburura luzatzeko kontraturako lehiaketa

– Alkateak iragarri duenez, Zabalgana auzoan hasiko dira mugikortasuna “super etxadietan” egituratzen duen munduko lehen hiria izateko esku-hartzeak. 

– Etorkizuneko mugikortasunak OIS ereduari jarraituko dio: osasungarria, iraunkorra eta segurua.

 – Urtaranen gobernuak 100 milioi inbertituko ditu auzoetan agintaldi honetan. “ hiria irekita dago obrak direla eta”

Tranbia Salburua auzora luzatzeko obra- lehiaketa  azaroan deituko dela iragarri du, gaur goizean, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek.  Plitika orokorrari buruzko osoko bilkuran iragarri du alkateak. Hegoalderako adarra (Adurtza, San Kristobal eta unibertsitate-campusa), berriz, urtearen amaierarako egongo da prest.  “Orduan iritsiko dira tranbia-unitate berriak, eta probak egin ahalko dira” adierazi du Gorka Urtaranek. Obra hauek Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza dute.

Mugikortasunaren alorrean, hiru ezaugarri hauek dituen eredua bultzatzea du helburu gobernuak agintaldi honetarako: osasungarria, iraunkorra eta segurua (OIS eredua).  “Zerbitzu ona dugu, baina badira hobetu beharreko alderdiak” azaldu du alkateak. Erronka garrantzitsuak ditugu: joan-etorrien % 70a oinez edo bizikletaz izatea; autobus, BEA edo tranbiaren geltoki bat izatea etxe guztietatik 300 metro baino gutxiagora, garraio publikoaren sarea zabaltzea joan-etorri guztiak gehienez 35 minututan egin ahal izateko, eta joan-etorrien erdia garraio publiko elektrikoan izatea, besteak beste.

Ildo horretatik, hainbat proiektu ditu Urtaranen gobernuak: TUVISAren sarea eguneratzea, BEA ezartzen amaitzea, tranbiaren Salbururako luzapena garatzea eta Zabalgana auzora zabaltzeko eraikuntza-proiektua zehaztea…. Edonola ere, abiadura handia iristea eta trenbidea lurperatzea dira proiektu nagusiak “Abiadura handiaren etorrera osatzeko 3,6 kilometro trenbide lurperatzeko proiektua osatzen duen informazio-txostena sustatu dugu” gogorarazi du alkateak.  Beste erakunde batzuekiko lankidetzaren emaitza izan da.

Hiri-mugikortasuna alde batera utzita, Gasteiz Europarekin eta munduarekin lotzeko oso garrantzitsuak diren hiru azpiegitura aipatu ditu hitzaldian: abiadura handiko trena eta trenbidea lurperatzea, Forondako aireportua eta Jundizko plataforma intermodala. Aireportuari dagokionez, Urtaranek Aenari eskatu dio “duen  erantzukizuna bere gain hartzeko eta terminalaren modernizazioan inbertitzeko”, industriari begira jartzeko eta zama-eta bidaiari ratioak hobetzeko.

 

“Zabalgana hiribidea  – Giza Eskubideen hiribidea – Sofia Erreginaren hiribidea – Nazio Batuen hiribidea “ super etxadia

Halaber iragarri du, gaur goizean, Zabalgana auzoan hasiko direla mugikortasuna “super etxadietan” egituratzen duen munduko lehen hiria izateko esku-hartzeak. Zehazki, Zabalgana hiribideak, Giza Eskubideen hiribideak,  Sofia Erreginaren hiribideak eta Nazio Batuen hiribideak hartzen duten espazioan.  Eremu horretako ingurumarietan, zein Ilustrazioaren hiribidearen sarreran trafikoa lasaitzeko neurriak ere hartzen ditu proposamenak.

“Super etxadien agintaldia izan behar du honek” adierazi du Gorka Urtaranek. Hiria antolatzeko sistema honen bitartez espazio publikoa pertsonentzako berreskuratu nahi da, horretarako mugikortasun iraunkor eta segurua bultzatuta, super etxadi horien barruan trafikoa lasaitu eta hiria biziberritzeko esku-hartzeak tarteko. Etorkizunean, Salburua auzoan ildo horretako esku-hartzeak ere egingo direla adierazi du alkateak. Kasu honetan, “Madril kaleak, Deba Arroaren kaleak, Salburua bulebarrak eta Brusela ibilbideak hartzen duten espazioan bi super etxadi sortzeko aukera aztertzen ari gara”. “Zabalganean eta Salburuan haur asko bizi da. Jende gaztea. Horien joan-etorriak seguruak izatea nahi dugu, gurasoak lasai egon daitezela eta pertsonak guztiek beraientzat pentsatutako espazio publikoaz atsegin hartu ahal izatea” nabarmendu du Gorka Urtaranek.

Auzo berrietako esku-hartze hauek berriz, garai bateko ingurabidearen barruan ere esku hartzeak izango dituzte, esaterako Judimendiko Tornay Medikuaren kalean.  Izan ere, udal gobernuak 100 milioi inbertitu nahi ditu agintaldi honetan Gasteizko auzoak hobetzeko. “Erritmo onean hasi gara. Hiria irekita dago obrak direla eta . Obrengatik irekita dagoen hiria, auzoetan inbertitu eta auzoen aldeko apustua egiten duen hiria. Hau da datozen lau urteetarako konpromisoa: 100 milioi euro auzoetako inbertsioetarako” nabarmendu du Gorka Urtaranek. Egun, hainbat lan egiten ari dira hirian: tranbia hegoalderantz luzatzeko lanak, Biktimen memorialaren ingurukoak, Tornay Medikularen kalekoak, BEAren ibilbideko lau puntutakoak, Zabalgana-Armentiako pasabidea egitekoak…

Share