Prentsa Oharren banner

Egonkortasun instituzionala eta konfiantza-giroa sortzeko konpromisoa hartu du alkateak, Gasteizko etorkizuneko erronkei aurre egiteko

 Hiria nazioarteko erreferente bihurtzeko eta Agenda gasteiztarrean aurrera egiteko lanean diharduela azaldu du Urtaranek udal politikari buruzko eztabaida orokorrean

 

Gorka Urtaran alkatearen audioa

Egonkortasun instituzionala eta konfiantza- eta ziurtasun-giroa sortzeko konpromisoa hartu du Gasteizko alkateak, hiriaren etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Hala adierazi du gaur goizean, 2019-2023 agintaldiko udal politikari buruzko aurreneko eztabaida orokorrean. Orobat zehaztu ditu hiria nazioarteko erreferente bihurtzeko eta Agenda gasteiztarrean aurrera egiteko ekintzak. Guztia ere 6 ekintza-ardatz eta 18 ildo estrategiko dituen eta 85 proiektu biltzen dituen gobernu-plan batean oinarrituta, zeinen kontu urtero emango baitu, agintaldi osoan.

Urtaranek gogora ekarri du joan den maiatzaren 26an gasteiztarrek babesa eman ziotela EAJk eta PSEk eratutako gobernuak azken lau urteetan bultzatutako hiri-ereduari. “Gasteiz Europako superhiri gisa berresteko izan behar du agintaldi honek, bizi-kalitatean, lehiakortasun ekonomikoan eta iraunkortasunean nazioarteko erreferente gisa sendotzeko”, adierazi du.

Alkateak gogora ekarri du gobernu-taldea sendotuta dagoela aurreko agintaldiaren aldean, baina gutxiengo izaten jarraitzen duela, eta erabateko erantzukizun politikoz jokatzera behartzen duela horrek. “Adostasuna lortu nahi du gobernu honek gainerako formazio politikoekin, eta lortu beharra dauka. Errespetua, elkarrizketa eta akordioa eskaintzen dizkizuet. Alkatea naizen aldetik —azpimarratu du—, hitz egin eta entzun beharra daukat, oraina hobeto kudeatu eta hiriaren etorkizuna sustatzeko. Horretarako, funtsezkoa da egonkortasun instituzionala, baita ziurtasun-giroa ere, erronkei aurre egiteko konfiantza sortze aldera. 

Udalaren kudeaketa hurbil, fidagarri eta egonkorrean oinarritzen da alkateak eskaini duen eta partekatu nahi duen gobernantza-eredua, esan nahi baita partaidetzan, gardentasunean, kontu-ematean eta datu irekietan.

“Ingurumen-iraunkortasunaren alorrean ez ezik, beste batzuetan ere Gasteiz nazioarteko hiri erreferentea izan dadila lortu nahi dugu, superhiri bat”. Ongi planifikatutako hiri iraunkor, sozialki kohesionatu, ongi komunikatu eta zerbitzu publiko onak eskaintzen dituztenei dagokie kontzeptu hori. European Green Capital bihurtu zuten horiek guztiek Euskadiko hiriburua 2012an, eta Global Green City izendapena ekarri diote 2019an. Horrez gain, garapen iraunkorreko helburuak gehien betetzen dituzten Estatuko udalerrietako bat ere bada.

 

Agenda gasteiztarra

Agenda gasteiztarrean aurrera egiten jarraitzea da udal gobernuaren helburua. Bertan, izan ere, hurrengo lau urteetan ekitea aurreikusten den jarduerak daude bilduta, modu ordenatu eta planifikatuan, hiru helburu nagusiren inguruan: zerbitzu publikoen kalitatea —garbiketa, mugikortasuna, segurtasuna, gizarte-zerbitzuak eta abar—, lehiakortasun ekonomikoa eta ingurumen-iraunkortasuna. Helburu horiek oposizioko alderdiekin partekatzea proposatu du, “hiri garbiagoa izan dezagun, seguruagoa, solidarioagoa, anitza eta plurala, askeagoa eta berdintasunezkoa, hiri-mugikortasunaren sistema on bat izango duena; bertan bizi garenontzat pentsatutako hiria”. Eta erronka garrantzitsu batekin: hiriaren marka berdea ekonomia berdeari lotzea, eta, zehazki, hiri-mugikortasunaren eta automozioaren industria berriari.

Udal Politikaren Eztabaidako Gorka Urtaran alkatearen hitzaldia

 

 

 

Share