Prentsa Oharren banner

Urtaranek zerga hobekuntzak iragarri ditu batere plastikorik ez kontsumitzea sustatzen duten merkataritza eta ostalaritza establezimenduentzat eta birziklatzen duten pertsonentzat

 Alkateak garbiketa-zerbitzua hobetzeko neurriak iragarri ditu, Gasteiz “garbi egon dadin eta herritarrek hori uste izan dezaten. Garbiketaren eta hondakinen bilketaren zerbitzua kalitatekoa izatea nahi dut” 

Eraztun Berdea hegoaldetik osatzea, Olarizu parke botaniko berriarekin eta Larragorri parkearen sorrerarekin, udal gobernuaren erronka estrategikoa 

Alkateak aldarrikatu du badela “garaia gauzatzeko” urteetan hausnartutako proiektuak, hala nola Erdi Aroko hirigunea biziberritzea, entzunaretoa edo Mendizorrotza handitzea

 

Gobernuaren programari buruzko eztabaidan alkate Gorka Urtaranek aldeztu duen hiri-ereduak hiri iraunkorra eraikitzeko politikak eta kalitateko oinarrizko zerbitzuak ditu ardatz.

Gaur goizean egindako hitzaldian, alkateak Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren arloko zenbait neurri aurreratu ditu, “iraunkortasunaren alorrean nazioarteko erreferente gisa dugun lekua sendotzearren. Europako superhiriak definitzen dituen ezaugarria da. Ingurumenaren alorrean abangoardian dauden hiriena”.

Neurri berritzaileena hauxe da: alkateak zerga hobekuntzak iragarri ditu batere plastikorik ez kontsumitzea sustatzen duten merkataritza eta ostalaritza establezimenduentzat eta birziklatzen duten pertsonentzat. Hiri-hondakinen gida-plan bat jarriko dugu abian, herritarren sentsibilizazioarekin, bilketaren logistikarekin eta fiskalitate berriarekin lotutako ekintzak bilduko dituena, jarritako helburuak lortzearren. Fiskalitateak aintzat hartuko du “gehien kutsatzen duenak gehiago ordaindu behar” duelako printzipioa, eta identifikazio-sistema bat izango du, birziklatzen ez dutenen aldean birziklatzen dutenak saritzeko zabor-tasa aplikatu ahal izateko. Gainera, ahalegin berezia egin behar dugu Gasteizen plastikoaren erabilera murrizteko. Plastikorik gabeko hiria nahi dugu. Aurtengo martxoan, 2021etik aurrera erabilera bakarreko plastikoak debekatzea onetsi zuen Europak. Oso neurri egoki eta beharrezko deritzot. Gasteizek hiri proaktiboa izan behar du helburu hori lortzeko bidean. Birziklatzea garrantzitsua da, baina ez da dena. Gutxiago kontsumitu behar dugu, gutxiago kutsatzeko. Hori dela eta, Udalbatzari proposatuko diogu hondakinak biltzeko tasari dagokionez abantaila fiskalak onets ditzan eguneroko jardunean batere plastikorik ez kontsumitzeko praktikak ezartzen dituzten saltoki, taberna, jatetxe, hotel eta abarrei. 

Horretaz gain, Gorka Urtaranek garbiketa-zerbitzua hobetzeko neurriak iragarri ditu, Gasteiz “garbi egon dadin eta gainera herritarrek hori uste izan dezaten. Garbiketaren eta hondakinen bilketaren zerbitzuak kalitatekoa izatea nahi dut”. Beste hiri batzuen aldean, Gasteizko garbiketa-maila oso onargarria da. Hala ere, herritarren pertzepzioa ez da oso ona, nahiko ezkorra da horri dagokionez. Badakit herritarrak oro har ez daudela pozik zerbitzu publiko horrekin. Horrenbestez, bi lehentasun ditut: zerbitzuaren kalitatea hobetzea, eta herritarren pertzepzioa hobetzea“.

Alkateak gogorarazi du garbiketa-kontratu berriak hobekuntza kualitatiboak barne hartuko dituela, besteak beste: txiparekiko edukiontziak, birziklatzen duten pertsonen erregistroa eduki eta fiskalitate berdeko neurriak hartu ahal izateko; bilketa-taldeak hobetzea; edukiontzi gehiago jartzea, irletan elkartuta, birziklatzea sustatzeko; grafitien kontrako elementuak, pintaketak garbitzeko; urez garbitzeko sistema berria, presiozkoa, hidro-garbigailuen bidez; industrialdeetako garbiketa hobetzea; askoz zarata gutxiago egiten duten haize-makinak, eta etxean eta komunitateetan konposta egiteko berariazko lotea.

Gainera, Udalak bereiz kontratatuko ditu beste zerbitzu batzuk, enpresa espezializatuagoekin: tamaina handiko gauzen bilketa, hustubideen mantentzea, txorkoen mantentzea, udalaren orubeen mantentzea, eta iturri apaingarriena.

Eraztun Berdea hegoaldetik osatzea, Olarizu parke botaniko berriarekin eta Larragorri parkearen sorrerarekin, udal gobernuaren erronka estrategikoetako bat da.

“Eraztun Berdea gure bereizgarria da. Nazioartean gehien saritutako eta txalotutako esku-hartzea da. Balioetsiena. Osatu beharra dugu. Azalera handitu eta eduki handiagoa eman. Agintaldi honetan lan egingo dugu hegoaldetik osatzeko, Olarizuko parke botanikoarekin, eta urratsak egingo ditugu Larragorri parkea sortzeko, baita Nebera gaineko jarduerak bukatzeko ere”, iragarri du alkateak.

Izan ere, hasia da gauzatzen Olarizuko parke botanikoa, zeina Eraztun Berdearen 25. urteurrenarekin bat aurkeztu baitzen. Dagoeneko lehiaketara deitu da Jose Mardones kaleko eraikineko moduluak lekuz aldatzeko, lorategi botanikoko bisitarientzat sarrera, harrera eta informazio-lekua osatzeko baliatuko baitira. Era berean, parke berriko jarduera ludikoak kudeatzeko eta bizikletak alokatzeko gunea izango da, eta erakustareto txiki bat ere izango du.

Bestetik, joan den astean esleitu ziren Etxaldearen mendebaldean dagoen lursail batean aire zabaleko ‘antzoki berde’ bat, hirira begiratuko duen harmailekiko agora bat, eraikitzeko lanak. Lanak abenduan amaitzea aurreikusi da.

Adurtzatik gertu dagoen aintzira gurutzatzeko pasabidea egiteko obra ere esleitu da, zeina urte bukaerarako burutuko baita. Horretaz gain, abentura eta tirolina parkearen eraikuntza lizitatzea aurreikusi da, datorren urteko lehen hiruhilekoan hasteko: “hitz eman genuen jarduera horiek garatuko genituela Olarizu Euskadiko parke botanikoa bihurtzeko, eta horretan ari gara“, nabarmendu du alkateak.

Eraztun Berdearen kudeaketaz gain, Gorka Urtaranek aipatu du URA agentziarekin elkarlanean ari direla egiteke dauden uholdeen kontrako lanei ekiteko, bai Zadorran, hiriaren iparraldean, bai hegoaldeko ibaietan. Zenbait pauso eman dira arlo horretan. Zehazki, alkateak iragarri duenez, datozen egunetan hasiko da obren bigarren fasea, Abetxukuko eta Gamarrako zubien artekoa.

Orobat, Gorka Urtaranek esan du Ekonomia Zirkularraren Estrategia Lokala landuko duela 2030. urteari begira, eragile ekonomiko publiko eta pribatuen eta herritarren inplikazioarekin.  Besteak beste, ekintza hauek barne hartuko ditu estrategiak: tamaina handiko gauzak biltzeko zerbitzu berria, garbiguneen sarea handitzea, udalaren “reutilizagunea” birdefinitu eta sustatzea, diru-xahuketa murriztea, eta beira eta paperaren birziklapen-tasa handitzea, gero berrerabiltzearren. 

Ingurumen-iraunkortasunaren arloan, zuhaiztien plana eta espazio publikoan egiten diren jardueren ingurumen-kontrola ere aipatu ditu alkateak. Besteak beste, Udalak zuhaiztien kudeaketa indartuko duela iragarri du, baliabide gehiago izango dituen plan baten bidez. “Uste dut badirela irtenbideak bi nahi bateratzeko: gure zuhaitzak babestea eta etxebizitzetatik aldentzea horien hurbiltasunak etxeetako egunerokoa zailtzen duenean”, azaldu du Gorka Urtaranek.

 

Lizentziak azkartzea, etxebizitza plana eta legez kanpoko okupazioen aurreko irmotasuna

Hirigintzari dagokionez, Salburua eta Zabalgana birdentsifikatu eta birpartzelatzeko akordioa, HAPOaren berrikuspena, eta obra txiki eta handietarako lizentziak eta baimenak zein irekitze, erabilera eta okupazio lizentziak arintzea aipatu ditu alkateak.

“Etxebizitzak ere kezkatzen gaitu, eta horretan ari gara. Eusko Jaurlaritzarekiko elkarlana areagotu nahi dugu, gazteei eta etxebizitza dela eta arrisku-egoeran dauden familiei erantzuteko. Udalak badu etxebizitza-parke bat, baina ez dago berehala erabiltzeko moduan. Salbuespen batzuk kenduta —gazteentzako alokairu sozialera bideratu ditugunak—, etxebizitzek inbertsioa eskatzen dute eraberritu eta birgaitzeko.  Eusko Jaurlaritzaren eskura jarri nahi ditugu, hura baita erakunde eskuduna eskatzen duten gazte eta familien beharrei erantzuteko“, adierazi du Gorka Urtaranek.

Bestetik, alkateak irmo aldeztu ditu “ondare publikoa eta gure gizartean nagusi izan behar duen berdintasun-printzipioa. Berdintasuna eskubideei dagokienez, baina baita betebeharrei dagokienez ere. Guztiok ditugu obligazioak, eta bete egin behar ditugu gizartean bizitzeko. Batzuek eskubide guztiak aldarrikatzen dituzte, baina ez dituzte beren betebeharrak beren gain hartzen, eta hori ezinezkoa da. Ez dugu legez kanpoko eta iruzurrezko okupaziorik onartzen”.

 

 

Proiektuak gauzatzeko garaia

Gaurko osoko bilkuran, alkateak aldarrikatu du badela “garaia gauzatzeko” urteetan hausnartutako proiektuak, hala nola Erdi Aroko hirigunea biziberritzea, entzunaretoa edo Mendizorrotza handitzea.

“”Bada garaia urteetan hausnartutako eta etengabe eztabaidatutako hiri-proiektuak gauzatzeko. Egiteko garaia da“, azpimarratu du alkateak, eta mahai gainean jarri du entzunaretoaren proiektua, “horrek aukera emango baitigu superhiri batek merezi duen kultur ekipamendu bat izateko, kultur erreferente gisa hazteko, bertako zaleei erantzuteko eta nazioarteko ekitaldiak erakartzeko. Badugu proiektu bat, hiriak bere garaian ordaindutakoa. Badugu leku bat, politikoen ezadostasunengatik hutsik geratu zena. Badugu Foru Aldundiaren sostengua. Beste erakunde batzuen konplizitatea bilatuko dugu. Joka dezagun guztiok erantzukizunez. Ez okertu. Hau ez da nire proiektua, ezta EAJrena ere. Hiriaren proiektua da, aurreko udalbatzengandik eta aurreko alkateengandik herentzian jasotakoa, bai kokalekuari bai diseinuari dagokienez. Baina guztiz balioduna da gaurko nahiei erantzuteko. Arrazoizko proiektua da diru aldetik, eta behar bezain moldakorra Principal antzokiarekin ezin hobeto uztartzeko. Principal antzokiak ehun urte ditu. Hiriaren historia bizia da. Maite dugu Principal antzokia. Berrituta ikusi nahi dugu, eta jardueraz betea. Eskua luzatzen dizuet elkarrekin lan egin dezagun bi proiektuok mamitzearren”, eskatu du Urtaranek.

Alkatearen iritziz, Mendizorrotzak kirol barrutia bihurtu behar du.  “Kirola maite dugu. Kirola egitea maite dugu. eta gure hirian kirol ekitaldiak egitea. Kirolarekin dugun konpromisoa hirukoitza da: instalazioak hobetzea, pertsonen artean kirola sustatzea, eta kirol ekitaldiak ospatzea.  Instalazioak hobetzeari dagokionez, futbol-zelaiaren berrikuntza aipatu nahi dut. Udal zelaia da, eta udalaren titularitatekoa izaten jarraituko du. Instalazioak egiturazko berrikuntza behar du, eta beste erakunderen batekin akordiorik izan ezean, Udalak osorik hartu beharko zukeen bere gain. Adostu dugun berritze eta handitze proiektua askoz handinahiagoa da, baina Udalari ahalegin ekonomiko txikiagoa eskatzen diona. 55 milioi euroko inbertsioa aurreikusi da. Udalaren ekarpen garbia 5,5 milioi eurokoa da akordioaren arabera, inbertitzen diren hamar eurotatik bat. Kirol erakundea, AFA eta Eusko Jaurlaritza inplikatzea lortu dugu. Akordio ona lortu dugu hiriarentzat. Orain errealitate egiteko garaia da“.

 

Hirigune Historikoa, edukiz betea

Hirigune Historikoan egin beharreko esku-hartzea ere izan  du hizpide alkateak: “BBPBa eguneratuz eta eraikin historikoetan esku hartuz, birgaitu eta onik zaintzeaz gain edukiz betetzeko. Gaur egun, Etxanobetarren etxea Emakumeen Etxea bihurtu da. Ruiz de Bergaratarren jauregia Gasteiz Antzokia izango da. Garai bateko Arkeologia Museoa adinekoentzako asistentzia-baliabidea bihurtzekotan da. Oso berri ona da hiriarentzat. Zuen sostengua izatea espero dut.  Horixe da jarraitu beharreko bidea, zerrenda horri gainerako jauregi errenazentistak gehitzea, ondo kontserbatuta eta jardunean edukitzeko proiektu eta jardueren zain baitaude”. 

Horrekin lotuta, alkateak iragarri du Gasteiz Antzokiaren lehiaketaren deialdia datozen asteetan egingo dela, eta lanak agintaldiaren erdialdera abian egotea aurreikusten dela.

 

 

Share