Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  4 urria 2019 12:04

Gasteizko Udalak hiriko taxi-flotari ibilgailu elektrikoak gehitzen laguntzeko deialdia egin du berriro. Aurreko ekitaldian sortu zen dirulaguntza-ildoaren bigarren edizioa da, sektoreak oso ondo hartu baitzuen. Gaur goizean onetsi ditu Tokiko Gobernu Batzarrak deialdiaren oinarriak, Amaia Barredo zinegotziak zuzentzen duen Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak sustaturik. Urtaranen gobernuak 60.000 euro jarriko ditu horretarako, eta ibilgailu bakoitzeko 10.000 euroko dirulaguntza jaso ahalko da.

Mugikortasun iraunkorreko politiken barruko deialdi horren bitartez, Udalak gure hiriko airearen kalitatea hobetzen lagundu nahi du, eta kutsadura akustikoa eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten, baita energia-kontsumoa ere. “Gasteizen garraio publikoaren elektrifikazioaren aldeko apustua argia da. BEA abian jartzeko, tranbia-sarea hedatzeko… ari gara lanean, baita taxiaren sektorea modernizatzeko ere”, azaldu du Amaia Barredo zinegotziak.

Gasteizko Udalaren taxi-lizentzia baten jabe diren pertsona fisikoek jaso ahalko dituzte laguntzak, baldin eta dirulaguntzaren xede den ibilgailua aurretik lizentzia horri esleitutako ibilgailua ordezteko bada; Gasteizko taxilarien elkarteek ere jaso ahalko dituzte laguntzak, horren xede den ibilgailua Gasteizko taxi-lizentzia duten ibilgailuak ordezteko erabiltzekoa bada. Taxi-lizentziaren titularrek 2019an erosi dituzten edo erostekoak diren ibilgailu elektriko huts berriengatik bakarrik jaso ahalko da diru-laguntza. Diruz lagundutako taxiek lau urtez eman beharko dute zerbitzu Arabako hiriburuan.

Aste batzuk barru eskatu ahalko dira laguntzak, Diru-laguntzen Datu-base Nazionalean eta ALHAOn argitaratzen direnean.

Share