Prentsa Oharren banner

Itun hirukoitza eskaini dio alkateak oposizioari, udalbatza osoa bat datorren helburuak lortzeko, arlo sozialean, ekonomikoan eta ingurumenarenean

 Gasteizko alkate Gorka Urtaranek itun hirukoitz bat eskaini dio gaur oposizioari, udalbatza osoa bat datorren helburuak lortzeko. Udal politikari buruzko eztabaida orokorraren bigarren saioan, berriro luzatu du eskua adostasuna lortzeko hainbat arlotan, hala nola klima-aldaketaren kontrako borrokan, ekonomia berdean nahiz adinekoei dagozkien alderdi sozialetan.

Itunaren eta elkar ulertzearen kulturaren alde egin du Gorka Urtaranek. “Utz diezaiogun elkarri aurpegira emateari; bila dezagun elkartzen gaituena. Lan egin dezagun hiriak aurrera egitea ekarriko duen adostasuna lor genezakeen kontuetan”, azpimarratu du gaurko osoko bilkuran.

Horretarako, batera lantzea proposatu du klima-aldaketaren kontrako borrokako ekintzak, ekonomia berdea —bereziki jorratuz mugikortasun iraunkorra eta aurki sortuko den Mobility Lab-ek izan dezakeen zeregina— eta arlo soziala, adinekoen premiei erantzutea lehenetsiz. Itun hirukoitza, beraz, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko, arlo sozialean, ekonomikoan eta ingurumenarenean.

“Azter ditzagun akordioetara iristeko dauden aukerak, arlo horietan behintzat.” Eta, mus-jokoarekin alderatuz, honela gehitu du: “Utz diezaiogun txikira jokatzeari; joka dezagun handira, hiri hau handi egiteko. Akordioak eta itunak lortzeko ordua da, gure hiriaren onerako.”

 

 

 

Share