Prentsa Oharren banner

Berriro egingo da Gasteizen “SUMAS” Administrazio Publikoetako Giza Baliabideen Kudeaketari buruzko Biltzarra, modernizatzeko eta gizartearen behar berriei egokitzeko erronken erantzunak bilatzearren

  • 2019ko urriaren 21 eta 22an izango da topaketa, Gasteizko Europa biltzar jauregian, bertako Udalak antolaturik, eta 150 biltzarkide eta Estatuko aditu handienak bilduko ditu.
  • Udalak bere Kode Etikoa aurkezteko baliatuko du hitzordua, eta erronka berriei (behar diren gaitasun berriak, teknifikazioa, plantillaren zahartze progresiboa…) helduko dien sailen arteko lantalde bat abian jartzeko.

Urriaren 21 eta 22an, administrazio publikoetako giza baliabideen kudeaketari buruz Estatuan egiten den biltzar ospetsuenetako bat egingo da Gasteizko Europa jauregian, “SUMAS” deritzona. Azken ediziotik zazpi urte igaro direlarik, Gasteizko Udalak topaketa hori berreskuratu du, gizartearen behar berriei egokitzeko erakunde publikoetan beharrezkoa den modernizatzeaz hausnartu eta eztabaidatzeko gune bat eskaintzeko asmoz. Bi egun horietan, alorreko aditu nagusiak bilduko dira Arabako hiriburuan, hala nola Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitateko katedradun Carles Ramió, Vigoko Udaleko ordezkari Maria Dapena, Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoaren Saileko Giza Baliabideen arduradun Mikel Gorriti, eta Rafael Jiménez Asensio.

2019ko SUMAS biltzarrean une honetan sektore publikoaren egoera zein den diagnostikatu nahi da, eta udalek, aldundiek, erkidegoetako gobernuek eta erakunde publikoek oro har aurre egin beharreko erronkei erantzun. Garrantzitsuenetako bat lanpostu berrietarako beharko diren gaitasun berriak dira; esate baterako, zerbitzuak hobeto kudeatu ahal izateko datuak analizatu eta kudeatzeko gai diren pertsonak beharko dira.  Digitalizazioa edo funtzionario publikoen plantillen zahartze progresiboa ere aztertuko dira. “Gasteizko Udalean, esaterako, plantillaren batez besteko adina lau urte baino gehiago handitu da 2011tik, 43,8tik 47,9ra igaro baita. Oraingo langileen % 66k baino gehiagok 45 urte edo hortik gora du”, azaldu du Giza Baliabideen zinegotzi Iñaki Gurtubaik.

Biltzarra urriaren 21ean (astelehena) hasiko da. Rafael Jiménez Asensio arduratuko da hasierako hitzaldiaz, eta gaur egun sektore publikoan pertsonen kudeaketa zertan den eta geroko erronkak zein  diren izango dute hizpide. Rafael Jiménez Asensio Zuzenbidean doktorea da, EHUtik, eta sektoreko aholkulari ospetsuenetako bat. Ondoren, Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoaren Zuzendaritzako Giza Baliabideen arduradun Mikel Gorriti lanpostuen bilakaeraz eta plantillen kudeaketaz mintzatuko da, eta EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakasle Imanol Basterretxeak kooperatibetan giza baliabideen kudeaketa nolakoa den azalduko du.

Arratsaldean, Vigoko Udaleko Giza Baliabideen eta Prestakuntzaren Arloko buru María Dapenak sektore publikoak eskatuko dituen profil profesional eta hautaketa-prozesu berriak aztertuko ditu, eta Osakidetzako Donostialdea Erakunde Sanitario Integratuko Ezagutzaren Kudeaketako eta Berrikuntzako Atalaren arduradun Josune Retegik ezagutza egoki kudeatzeko gakoak emango ditu. Lehen jardunaldia amaitzeko, Emakume Zuzendarien Elkarteko kide Goitzeder Manotasek sektore publikoko genero-arrailari buruzko hitzaldia emango du.

Urriaren 22an (asteartea), Pompeu Fabra unibertsitateko Administrazioko Zientzia Politikako katedradun Carles Ramiók eta Giza Baliabideen eta Antolakuntza kudeatzaile Javier Pascualek —alorreko aditu handienetako bat— administrazio publikoaren eredu berria izango dute hizpide. Horien ostean, Gasteizko Udaleko arduradun tekniko Ana Vallejo eta Boni Canterok Gasteizko Kode Etiko berria aurkeztuko dute, zeina barneko partaidetza-prozesu batean landu baita. Goizeko saioa bukatzeko, Gasteizko Udaleko teknikari Gonzalo Sáenz Azcoagak Arabako hiriburuko udala erakunde publikoek aurre  egin beharreko erronka guztiei erantzuteko proba-bankutzat proposatuko du. Zenbait udal teknikariren arteko mahai-inguru batek emango dio amaiera biltzarrari.

Barneko lantalde berri baten abiapuntua

SUMAS biltzarra abiapuntua izango da Udalaren barruan sailen arteko lantalde bat osatzeko, zerbitzuen bilakaera datozen urteetarako planifikatzeko eta gizartearen eboluzioak etorkizunean ekarriko dituen beharrei (digitalizazioa, kasu) aurrea hartzeko. “Udala herritarren eskari berrietara egokitzea da asmoa,  eta eraginkorragoa bihurtzea. Etorkizuneko erretiroei nola aurre egin eta behar diren gaitasun berriak nola sartu ere aztertu nahi dugu”, azpimarratu du Gasteizko Udaleko Giza Baliabideen arloko zuzendari Feliciano Pérezek.

Horrekin lotuta, Gasteizko Udalak Kode Etiko berria landu du, zeina biltzarreko parte-hartzaileei aurkeztuko baitzaie, partaidetza-prozesu bati esker osatu dela azpimarratuz. Herritarren autonomia, profesionalen jardunbide egokia, lankidetza, justizia eta bikaintasuna jorratzen ditu kodeak, besteak beste.

INFO: SUMAS biltzarra

 

 

 

Share