Prentsa Oharren banner

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek programazio komunitarioa jarri dute martxan: 80 ikastaro eta lantegi eskainiko dituzte

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailaren mendeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek 2019-20 ikasturterako programazio komunitarioa jarri dute martxan: orotara 80 ikastaro eta lantegi dira, jende orori zuzenduak.

Helburu hauek lortu nahi dira: informazioa eta prestakuntza ematea eguneroko bizimoduarekin zerikusia duten gaiei buruz eta eskubide, betebehar eta gizarte baliabideei buruz; trebetasun eta baliabide pertsonalen garapena sustatzea; partaidetza aktiboa eta elkarte bizitza bultzatzen dituzten ekimenei laguntzea, eta elkartasunarekin zerikusia duten norbanakoen kezkak aldeztea, laguntza behar duten hainbat gizarte egoeratan sentsibilizatua dagoen boluntarioen gizarte ehuna sortu ahal izateko.

Ekainera arte egingo dira lantegi eta ikastaroak, eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek jasotako beharrizan eta eskaerak kontuan hartuz diseinatu dira. Horren arabera, pertsona orori irekitako jarduerak edo populazioaren sektore jakin bati zuzendutakoak programatu dira.

Esaterako, adinekoek jarduera hauetan hartu ahalko dute parte: “Oroimena nola hobetu”, “Osasunez zahartzea”, “Barreterapia”, “Internet adinekoentzat” edo “Mugikorrak eta tabletak adinekoentzat: nola erabili”.

Gurasoek, berriz, “Pazientziaren giharra entrenatzen”, “Erantzunkidetasunez heztea” edo “Zergatik gustatzen zaie horrenbeste fortnite delakoa gure seme-alabei?” izeneko ikastaroak dituzte aukeran; umeak, azkenik, ikasketa-txokoetara joan daitezke, edo “jolasak nahas-mahas” bezalako guneetara.

“Jarduera horien bidez, trebetasun sozialak eta pertsonalak sustatzeaz gain, aurrea hartzen diegu ager daitezkeen arazo eta zailtasunei, gizarte-inklusioan eragin nabarmena duten arrisku- eta babes-faktoreei heltzen baitiegu”, adierazi du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Udalaren web-orrian eta gizarte etxeetan eskura daiteke 2019-20rako ikastaro eta lantegien eskaintza, eta leku horietan eman daiteke izena.

2018an 75 ikastaro eta lantegi antolatu ziren, eta 2.071 pertsonak hartu zuten parte.  Horien % 76 emakumeak izan ziren; batez besteko adina, berriz, 50 urte ingurukoa.

Share