Prentsa Oharren banner

40 eta 33 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte bikotekideak jotzeagatik

Udaltzaingoaren Agenteek 40 eta 33 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten atzo, genero-indarkeriaren delitu banaren ustezko egile gisa, bikotekideak jotzeagatik.

Lehen esku-hartzea eguerdian izan zen, emakume batek 092 zenbakira deitu eta Salburua auzoko bere etxebizitzara polizia etortzeko eskatu zuenean, bertatik ihes egitea lortu baitzuen, eztabaida batean bere bikotekideak jo eta aizkora batez mehatxu egin ondoren.

Emakumeak gertatutakoa berretsi zien udaltzainei, eta beste patruila bat ustezko erasotzailearekin elkarrizketatu zen etxebizitza horretan. Bi bertsioak entzun ondoren, eta emakumeak zeuzkan lesioak ikusirik, atxilotu egin zuten gizonezkoa, eta gaur goizean epailearen esku geratuko da.

Biktimari ospitaleraino lagundu zioten eta, gero, baita Agirrelandara ere, dagokion salaketa jar zezan.

Bigarren gizonezkoa, 33 urtekoa, arratsaldean atxilotu zuten. 092 zenbakira egindako beste dei batek ohartarazi zuen emakume bat garrasika laguntza eske ari zela Erdi Aroko Hiriguneko etxebizitza batean. Patruila bat bertara joan zen. Han, udaltzainek biktimarekin, haren bikotekidearekin eta beste gizonezko batekin hitz egin zuten; beste gizon hori etxebizitzaren jabea zen eta atxilotuak emakumea jo eta mehatxatu zuen eztabaidaren lekuko izan zen. Lekukotza guztiak entzun ondoren, udaltzainek atxilotu egin zuten ustezko erasotzailea, eta gaur goizean epailearen esku geratuko da.

Emakumeari ospitale bateraino eta Agirrelandako polizia-etxeraino lagundu zioten, eta han salaketa bat jarri zuen bere bikotekidearen aurka.

Pertsona bat zauritu da

Atzo eguerdian istripu bat gertatu zen, Gamarrako Atea eta Zadorraren Hiribidearen arteko biribilgunean bi autok elkarren aurka talka egin ondoren. Talka horren ondorioz, ibilgailuetako batean bidaiari gisa zihoan 29 urteko emakume bat zaurituta geratu zen, eta osasun-zerbitzuek artatu bazuten ere, ez zen beharrezkoa izan ospitalera eramatea.

Udaltzaingoak beste 18 trafiko-istriputan esku hartu zuen, nahiz ez zen zauriturik izan, eta gidatzen zihoan 47 urteko gizonezko bat ikertzen ari dira, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik, bere ibilgailua Varsovia hiribidean aparkatzen ari zela trafiko-istripua izan ondoren.

Udaltzainek atzo 20 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 24 jarduera egin zituzten.

Autobus baten gurpilek su hartu dute

Suhiltzaileek dei bat jaso zuten atzo, A-1 errepidetik zihoan autobus baten atzealdeko gurpilak sutan zeudela esateko. Gidariak su-itzalgailu bat hustu zuen suak eragindako lekuan eta suhiltzaileek eragindako bi gurpiletako sua itzaltzea amaitu zuten.

Suhiltzaileen talde bat Murgiara joan zen, familiabakarreko etxe baten garajean piztutako sua itzaltzera. 5 m2 inguruko eremu batean hedatu ziren kalteak. Jabeak hautsezko su-itzalgailu bat erabili zuen sua itzaltzeko. Suhiltzaileek uraz itzaltzea amaitu zuten eta etxebizitza egurastu zuten.

Share