Prentsa Oharren banner

Udalak eta Aldundiak babestu egingo dituzte San Frantzisko komentuaren hondarrak, eta haien balioa nabarmenduko dute

 

Udalak Biktimen Oroitzapenezko Zentroaren ingurua eraberritzeko proiektua aldatuko du, espazio publikoan integratzen laguntzeko

Aldundiak hondarrak sendotuko ditu, eta erakusgai jartzeko modua landuko du

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak hitzartu dute babestu egingo dituztela Biktimen Oroitzapenezko Zentroaren ingurua eraberritzeko lanetan aurkitutako San Frantzisko komentuaren hondarrak, eta haien balioa nabarmenduko dutela. Hondarrak lorategi itxurako gune batean integratuko dira, eta hiriaren historiaren lekuko publiko eta bizia bihurtuko dira.

Bi erakundeek zenbait aste eman dute aurkitutako hondarrak aztertu eta dokumentatzen, eta zona eraberritze proiektua eta horiek kontserbatzea bateratzeko formulak bilatzen. Horren ondorioz, xede hori lortzera bideratutako lankidetza-hitzarmena lotu dute, herritarrek beren iragana ezagutzeko aukera izan dezaten.

Hitzartutakoaren arabera, Udalak Biktimen Oroitzapenezko Zentroaren ingurua eraberritzeko proiektua aldatuko du, aztarna arkeologikoak espazio publikoan integratzen laguntzeko. Zehazki, San Frantzisko komentuko atariaren zimenduak aurreikusita zegoen lorategi itxurako zona batean txertatuko dira, eta balio estetikoa duen lurzoru harriztatua gordeko da, eskailera mekanikoen eta igogailuaren ondoko itxaron gunean. Errekarriz egindako zoladura da, apaindura geometrikoa duena —sei lore-hostoz osatutako loreak eta zeramikazko markoa—, eta ibiltzeko maila baino gorago utziko da, hobeto identifikatu eta ikus dadin.

Leku horretan kokatutako estazio elektrikoa ere lekuz aldatuko da, Olagibelen Arkupeetatik garai bateko komentuaren aurriak hobeto ikus daitezen.

Ibilgailuentzako bidea ere zenbait metro mugitu beharko da, eta igogailuaren eta eskaileren inguruan aldaketa txiki batzuk egingo dira. “Aldaketa erraza da, eta espazio publikoa aberasteko balioko du. Ondare esanguratsu hori ikusgai jartzea gure hiriarentzat oso adierazgarria dela uste dugu”, azaldu du Gasteizko Udaleko Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok.

Erakusgai jartzea

Arabako Foru Aldundiak, berriz, aurkitutako hondarrak sendotu, gorde eta egoki babesteko konpromisoa hartu du bere gain —horretarako proiektu teknikoa landuta—, eta San Frantzisko komentuaren hondarren balioa nabarmenduko du, bertakoek zein bisitariek haren jatorria eta hiriaren historia ezagut ditzaten.

Gaur albiste on bat eman dezakegu. Garai bateko San Frantzisko komentuaren jatorrizko egiturak zaindu eta dokumentatuko ditugu, eta herritarrei erakutsiko. Kultura eta historia ondare horrek Gasteizko eta Arabako historia ezagutu eta zabaltzeko balioko du, zalantzarik gabe”, adierazi du Kultura eta Kirol foru diputatu Ana del Valek.

Biktimen Oroitzapenezko Zentroaren inguruko lanak egiten ari zirela aurkitutako aztarna arkeologikoak garai bateko San Frantzisko komentuari dagozkio, zehazkiago, ustez XVI. mendearen bukaeran eraiki zen bigarren atariaren hormei eta errekarrizko lurzoruari —komentua, berez, XIV. eta XV. mendeetakoa zen—.

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak batera ordainduko dute obra-proiektua aldatzeak eta aipatutako esku-hartzeek dakartzaten inbertsioa.

Irailaren hasieran ekin zitzaien Biktimen Oroitzapenezko Zentroaren ingurua eraberritzeko obrei, zeinen helburua baita zoladura, instalazioak eta zerbitzuak berritzea, oinezkoentzako espazioa handitzea eta Erdi Aroko hirigunearen irisgarritasuna hobetzea. 2,1 milioi euroko inbertsioa aurreikusi da —zati handi bat gobernu zentralak finantzatuko du, Barne Ministerioaren bitartez—, eta bost kaletan egingo dira lanak: San Frantzisko kalea, San Frantzisko aldapa, San Bizente aldapa, Gernikako Estatutuaren kalea eta Mateo Moraza kalea.

Lanak egiteko epea 11 hilabetekoa da. Proiektuaren aldaketek epe horretan ahalik eta eraginik txikiena izan dezaten ahaleginduko da Udala.

 

 

Share