Prentsa Oharren banner

Urban Commerceren XIV. edizioan, merkataritzaren digitalizazioaz eta jasangarritasunaz arituko dira hamar bat aditu, urriaren 31n, Europa biltzar jauregian

Interesdunek udalaren web orriaren bitartez eman dezakete izena; 120 pertsona baino gehiagok eman du izena dagoeneko.

Gasteizko Udaleko lehen alkateorde Maider Etxeberriak gaur goizean aurkeztu du Urban Commerce jardunaldien XIV. edizioa, eta nazioko zein nazioarteko 10 bat adituk hartuko dute parte Europa jauregian. Urriaren 31n egingo den topaketa hau erreferente da hiri-merkataritzaren berrindartze eta berritze arloetan. Udalak antolatutako topaketak galdera honi erantzungo dio: “Jasangarria eta digitala izan daiteke saltoki txikia?” Biltzarrak hainbat hizlari aditu bilduko ditu horri erantzuteko, Pablo Foncilla ikerlaria, zeinek Amazon-en garaian bezeroak erakartzeko modua erakutsiko digun, eta “Comercios por Madrid Central” kanpainaren bultzatzaile Sébastien Rouyet, besteak beste.

Ekonomia-Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotzi Maider Etxeberriak azpimarratu duenez, “funtsezkoa da hiri-merkataritzak honelako foroak izatea, esperientziak partekatu, berrikuntza-ereduak ezagutu eta sinergiak sortzeko. Horretaz gain, inoiz baino ahalegin handiagoa egin behar da digitalizazioa eta jasangarritasuna eskutik joan daitezen, buru izan nahi dugun ekonomi berderanzko trantsizioan.

Urban Commerceren 2019ko edizioak hiri-merkataritzaren arloko joera berrien bi alderdi izango ditu ardatz: digitalizazioa eta jasangarritasuna. Biek eragina dute bai pertsonen erosketa eta kontsumorako jokaeretan bai negozio-ereduetan. Etxebarriarekin batera, Rosa Ugalde izan da aurkezpenean. Rosa eguneko bizitzarako produktu ekologikoen Ekobizi dendako arduraduna da (Antso Jakitunaren kalea, 29)

Programa

Pablo Foncillas irakasle eta aholkulariaren hitzaldiak emango dio hasiera biltzarrari. Foncillas jauna digitalizazioan eta merkataritza elektronikoan adituenetakoa da, 175 markaren merkataritza-garapenean parte hartu du 25 lurralde desberdinetan, merkataritza-komunikazioaren eraginkortasunari ematen zaizkion hainbat EFI sari irabazi ditu, eta El Sol jaialdiko epaimahaian egon da. Amazon edo Alibaba enpresen garaian, teknologiaren bidez bezeroak lortzen laguntzeko metodo bat aurkeztuko du.

Ondoren, Ramón López de Lucio eta Mateus Porto arkitekto hirigileek hartuko dute parte. Gertuko merkataritza onak gizarteratzea errazteaz gain, hirietako mugikortasun jasangarriari eragiten dizkion abantailak izango dituzte hizpide. Horretaz gain, internet bidez egiten diren erosketen fenomenoari aurre egiteko gakoak emango dituzte. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendari Mario Yoldi arduratuko da atal hau dinamizatzeaz.

Proposamen jasangarriak garatu dituzten merkataritza-aretoen esperientziak ere izango dira biltzarrean. “Comercio a favor de Madrid Central’ kanpaina bultzatu duen Sébastien Rouyet eta jardunbide egokiak bideratu dituzten beste zenbait merkatari izango dira: Ray Musgo oinetak ekologikoen arduradun Lorena Gasco eta Javier Sanchez, Ekobiziren arduradun Rosa Ugalde bera, edo Moiqut-en arduradun Verónica Drazdova, besteak beste. Euskal Herriko Unibertsitateko merkaturatze eta merkatu-ikerketaren arloko irakasle titular den Pilar Zorrillak moderatuko ditu horiek guztiak.

Big Datatik txinatarren eredura.

Bazkal ondoren, Alex Rayón eta Oriol Elviraren txanda izango da, lehena Deustuko Unibertsitateko Big Data eta Business Intelligence masterreko zuzendari eta bigarrena, TC Gropu Solutions-eko zuzendari komertziala. Enrique Rodal komunikazio teknologikoko kazetari eta aholkulariak dinamizatuta, datuak bezeroen behar eta ohiturak ulertzeko analizatzeaz duten ikuspegia azalduko dute.

Biltzarrari amaiera emateko, Zigor Aldamak hitzaldia emango du (Vocento taldearen korrespontsala Asian). Txinako ereduaz hitz egingo du; sektore teknologikoan buru izateko ikuspegiak nola eraldatu dituen merkataritza eta biztanleen kontsumo-ohiturak. Delia Tobias kazetari gasteiztarrak aurkeztuko ditu jardunaldien inaugurazio-hitzaldia zein amaierakoa. Bukatzeko, 16:00etatik aurrera, parte hartzaileek hiriko saltokietan zehar bisita gidatua egin ahalko dute, Gasteiz On elkartearen eskutik.

Dagoeneko 120tik gora lagunek eman dute izena 2019ko ediziorako, baina urriren 25a arte egongo da zabalik izena emateko epea. Interesdunek doan eman dezakete izena udalaren web-orrian.

Share