Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 urria 2019 11:09

Tokiko Gobernu Batzarrak APDEMA, ASPACE eta Autismo Araba elkarteekin lankidetza-hitzarmen bana sinatzea onetsi du, kirol jarduera sustatzearren. Horien bitartez, Gasteizko Udalak 60.000 eurotik gora emango die elkarteei, zenbait kirol programa garatzerik izan dezaten; horien artean igeriketarekin eta mantentzearekin lotutakoak nabarmentzen dira.

Zenbateko handiena, 24.759 euro, APDEMA-Adimen Ezintasunena duten Pertsonen Arabako Elkarteari dagokio, 2019-2020an jarduera fisikorako kanpaina gara dezan; besteak beste, aerobika, badmintona, areto-futbola, gimnastika, igeriketa (zenbait maila) eta mahai-tenisa landuko dituzte.

Arabako ASPACE elkarteari antzeko kopurua emango zaio, 24.587 euro, garun paralisia duten pertsonen jarduera fisikorako kanpaina garatzeko. Lau proposamen antolatu dituzte, haurrentzat zein gazte eta helduentzat: uretako jarduerak, boccia, kirolak nahasian eta igeriketa.

Azkenik, Udalak 14.442 euroko dirulaguntza emango dio Autismo Araba elkarteari, eta hitzarmenari esker 25 taldek kirola eta psikomotrizitatea landu ahalko dituzte, ume txikienei arreta berezia eskainiz.

“Zalantzarik gabe, kirola funtsezkoa da bizimodu osasuntsua izateko, eta Gasteizek instalazio eta programen sare osoa eskaintzen du kirola eta osasuna uztartzeko. Gainera, gaur onetsi ditugun hitzarmenen bidez, pertsona asko gizartean guztiz integratzeko oso tresna baliotsua bihurtzen da kirola“, azpimarratu du Gorka Urtaran alkateak.

 

 

 

 

 

 

 

 

Share