Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 urria 2019 11:15

Tokiko Gobernu Batzarrak Olaranbeko kirol-instalazioetako futbol-zelai nagusiko hesia aldatzeko lanen kontratua Campezo Obras y Servicios SA enpresari esleitzea onetsi du gaur, 95.833 euroan, gauzatzeko 2 hileko epea emanda.

Lanen helburua da oraingo hormigoizko hesia kendu eta altzairu galvanizatuzko itxiera jartzea perimetroan, gaur eguneko kirol-instalazioetan egin ohi den bezala. Oinezkoentzako hiru sarbide ere egokituko dira zelaian, eta makinentzako sarbidea, hesien antzeko altzairu galvanizatuzko ateak jarriz. Orobat, publizitate-euskarri bat erantsiko zaio itxierari, eta baloiak harrapatzeko sarea, sei metro garai izango dena, baloiak ondoan dagoen ibaira eror ez daitezen.

Olaranbeko kirol-instalazioetan belar naturaleko hiru futbol-zelai daude, eta belar artifizialeko bi zelai (bakoitzak zeharkako bi zelai dutelarik); Aurrera kirol klubak erabiltzen ditu instalazioak.

Hobekuntza horietaz gain, Udal Administrazioaren Sailak beste batzuk sustatu ditu Aranbizkarra, Lakua-Arriaga eta Adurtzako zelaietan, zeinei esker instalazioak erabiltzen dituzten taldeek belar berria estreinatzerik izango baitute; Aranbizkarreko futbol-zelaian, gainera, aldagelak jarri dira, orain arte ez baitzegoen horrelakorik. Udal Administrazioaren zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok adierazi duenez, “adjudikazio honen bidez taldeekin eta Arabako Futbol Federazioarekin hartutako konpromisoak betetzen ari gara”.

 

Kiroldegien garbiketa

Bestetik, udalaren hainbat kiroldegitako garbiketa integralerako zerbitzua ISS Facility Services SA enpresari 866.529,79 euroan esleitzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak.

Abetxuku, Aranalde, Ariznabarra, Arriaga eta Landazuriko kiroldegiak garbitu eta onik zaintzeko kontratua da. Gauzatzeko epea bi urtekoa da, eta behin edo gehiagotan luzatu ahalko da kontratazio-organoak erabakiz gero, beste bi urtez gehienez.

Ingurumena eta langileen zein instalazioen erabiltzaileen osasuna errespetatzen dituzten metodoak, jardunbideak eta produktuak baliatuko dira zerbitzua emateko; besteak beste, hondakinak zuzen kudeatu beharko dira, eraikinetan edo inguruetan gaika biltzeko dagoen sistema erabiliz.

Share