Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 urria 2019 13:15

Astelehenean, urriak 14, Udaltzaingoak hondakinak hiriko edukiontzietan egoki uzten diren zaindu eta kontrolatzeko kanpaina bat jarriko du abian. Zikinkeria eta kiratsa sortzeaz gain ingurumen kostu handia duten gizalegez kanpoko portaerak zuzentzea da helburua, esate baterako, zaborra edukiontzietatik eta bilketa pneumatikorako ahoetatik kanpo uztea.

Ingurumen Ataleko agenteak (kale-jantzian) arduratuko dira ikuskatzeaz, polizia patruilen laguntzarekin, udal ordenantzak betearazteko; horien arabera, hondakinak edukiontzien barruan utzi behar dira, eta debekatuta dago etxeko tresnak eta altzariak kalean uztea, horretarako ezarritako prozedura bete ezean, hau da, 21:00etatik aurrera eta aldez aurretik FCCri jakinarazita. Animaliei kalean jaten ematea ere debekatuta dago.

Udal araudiaren arabera, orobat, ostalaritza establezimenduetako terrazak higiene, garbitasun eta segurtasun egoera egokian eduki behar dira, eta horri ere erreparatuko diote udaltzainek.

“Hondakinak behar ez den lekuetan ez uztea zainduko dugu. Auzoz auzo egingo ditugu kontrolak, eta hiri osora zabalduko dira. Jokabide ezegoki horiek zuzendu nahi ditugu, osasungaitzak direlako, kaleak zikintzen dituztelako eta enbarazu handia sortzen dutelako”, azaldu du Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Marian Gutiérrezek.

Plangintza eta Kudeaketako Zerbitzuak ere hartuko du parte kanpainan, hura arduratzen baita zigor-dosierrak tramitatzeaz.

Share