Prentsa Oharren banner

Akordio politikoak 2020an Ordenantza Fiskalak izatea ahalbidetuko dio Udalari

Iñaki Gurtubai audioa

 

Ogasuneko Batzordeak ontzat eman du 2020rako zerga, tasak eta prezio publikoen proiektua, EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernua akordio politiko batera iritsi baita Alderdi Popularrarekin. Zergei buruzko hitzarmen horrek gobernu taldeak hasieran proposatutakoa aldaraziko du, izoztu egingo baita ibilgailuen zerga, eta zaborren tasa zein TAOren prezioa % 2 igoko baitira. Establezimenduak irekitzeko lizentzia eta biltzar ekipamenduei dagokien prezioa ere izoztuko dira, besteak beste.

Iñaki Gurtubai alkateordeak positibotzat jo du akordioa, bi aldeek amore emateko gaitasuna erakutsi baitute. “Hiriarentzat ona den erdibide batera iritsi gara. Gasteizentzat ona da Ordenantza Fiskalak izatea, luzatzeak izango lituzkeen ondorioen aldean. Gobernu taldearen proposamenak bi helburu zituen, Udalaren nahikotasun ekonomikoa eta presio fiskalari eustea, eta biak beteko dira”, azpimarratu du Ogasuneko zinegotziak; orobat, oposizioko talde guztiek beren ekarpenez akordioak lortzeko egin duten ahalegina eskertu du.

Bi zerga izoztuko dira, eta beste hiru, % 1 igoko

Udalak hasieran proposatu zuen ondasun higiezinen gaineko zerga, jarduera ekonomikoena eta gainbalioa KPIaren arabera igotzea, hots, % 1, eta halaxe izango da. Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, berriz, ez da aldatuko, gobernuk proposatu zuen bezala.

Ibilgailuen  gaineko zerga, ostera, izoztu egingo da zerga itunari esker, eta familia ugarientzako hobaria familia-errenta estandarizatuan oinarrituz kalkulatuko da.

% 2ko igoera zaborren tasan eta TAOn

Udal tasei dagokienez, gehienak KPIaren arabera igotzearen alde bozkatu du Ogasuneko Batzordeak, hau da, %1. Lau kasutan, ordea, % 4ko igoera ezarri da: hiri-hondakinak bota eta tratatzeari dagokion tasa, hileta-zerbitzuengatiko tasa, ibilgailuen pasabideengatik eta aldi baterako aparkaleku-erreserbengatik ordaindu beharreko tasa, eta hilerrian eraikuntzak uzteari dagokion tasa.

Lortutako akordioa dela medio, zaborren tasa eta TAOrena % 2 igoko dira, eta biltzar ekipamenduak erabiltzeari dagokiona izoztu egingo da, hileta zibilei dagozkien tarifak izan ezik.

Prezio publikoak: KPIaren araberako eguneratzea

Prezio publikoei dagokienez ere gobernuaren proposamena atera da aurrera zati handi batean, eta oro har % 1 igoko dira, hiru kasutan izan ezik, horietan % 4 igoko baita: kirol instalazioak erabiltzeagatik eta udal zentroetako jarduera eta ikastaroengatik ordaindu beharreko prezioak, eta Folklore Akademiarenak; izan ere, zerbitzu horietan dago alde handiena biltzen denaren eta benetako kostuaren artean.

Bestetik, gobernuak Gizarte Kontseiluaren proposamen bat ekarri du 2020ko ordenantza fiskalen eztabaidara, eta onetsi egin da: tarifa lauaz, epeetako ordainketaz edo kuoten zatiketaz baliatzen direnei ordainketa kontuan kargatzeko data aldatzea, pentsioak, soldatak edo laguntzak kobratzen diren egunetara egokitzearren. Gaur egun hilaren 20an kargatzen dira ordainagiriak; Ogasuneko Batzordeak aho batez onetsi duenez, berriz, hilaren 30era edo aurreko azken egun baliodunera aldatuko da.

Datorren urterako zerga proiektua tramitatzeko egutegiko hurrengo hitzordua urriaren 18an izango da, egun horretan egingo baita aparteko osoko bilkura ordenantza fiskalei behin-behineko onespena emateko.

 

 

Share