Prentsa Oharren banner

Gasteizko Udalak eta Ecovidriok ‘Recicla Vidrio por ellas’ kanpaina aurkeztu dute, Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna dela eta

 

Ecovidriok bi edukiontzi arrosa jarri ditu Loma Jeneralaren plazan 

Ecovidriok dohaintza egingo dio Sandra Ibarra fundazioari, zeinaren lehendakaria kanpainaren enbaxadore izango baita laugarren urtez jarraian 

Agatha Ruiz de la Pradak miniglu berezi bat diseinatu du kanpainarako, eta Sandra Ibarra fundazioak jasoko du salmentetan bildutako dirua

Gaurtik aurrera eta datozen asteetan, arrosa koloreko bi iglu egongo dira Loma Jeneralaren plazan, Ecovidriok Estatutuko zenbait hiritan martxan jarri duen  “Recicla vidrio por ellas” kanpainaren barruan. Ingurumen Plangintza eta Kudeaketaren zinegotzi César Fernández de Landa ontzien instalazioan izan da.

Ecovidrio irabazi-asmorik gabeko entitateak —Espainian beirazko ontzien hondakinen birziklatzea kudeatzeaz arduratzen da— laugarren urtez jarraian abiarazi du kanpaina hori, herritarrak beirazko ontziak birziklatzera animatu daitezen eta elkartasunezko kausa bati lagundu diezaioten: bularreko minbiziaren kontra ahaleginak batzea. Edukiontzien bidez birziklatutako ontziengatik Ecovidriok dohaintza egingo dio Sandra Ibarra minbiziaren aurreko elkartasun fundazioari.

Kanpaina 80 hiritara baino gehiagotara zabaldu da —Madril, Sevilla, Bartzelona, Santander eta Palma de Mallorca, besteak beste—, ahalik eta herritar gehien sentsibilizatzeko. Zehazki, 340 edukiontzi arrosa baino gehiago instalatu ditu Ecovidriok. Laugarren urtez jarraian, Sandra Ibarra —bere izena daraman fundazioaren lehendakaria— izan da proiektuaren enbaxadorea.

Bestetik, Agatha Ruiz de la Pradak miniglu berezi bat diseinatu du kanpainarako, bularreko minbiziarekiko kontzientziatze eta elkartasunaren sinbolo gisa. Miniglua Miniglú.es web-orrian eros daiteke, eta irabaziak Sandra Ibarra fundazioarentzat izango dira, minbiziaren prebentzioan eta ikerketan laguntzeko.

2018ko datuen arabera, Gasteizko biztanleek 5.482 tona beira birziklatu zituzten, hau da, batez beste 22 kg bakoitzeko.

Edukiontzien kopuruari dagokionez, Gasteizek edukiontzi bat du 253 biztanleko, eta beira biltzeko 985 edukiontzi ditu orotara.

 

Sandra Ibarra fundazioa

Sandra Ibarra fundazioa irabazte-asmorik gabeko erakundea da, minbiziaren prebentzioa eta ikerketa zein gaixoen biziraupena helburutzat dituena.

Hamaika urte daramatza bekak finantzatzen eta kanpaina publikoak sustatzen, minbiziari baikortasunez eta zorroztasunez aurre egiteko, ikuspuntu kliniko eta zientifikotik ez ezik baita sozialetik ere, komunikabideek hizkera belikoa alde batera utz dezaten, administrazio publikoek osasungintza gizatiarragoa bultza dezaten eta medikuen elkarte profesionalek gaixoen iritzia kontuan har dezaten.

Gaur egun, “Bizitza eskola” izeneko jarduera garatzen ari da fundazioa, minbizia duten edo hura gainditu duten pertsonentzako eskola, haien bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzeko xedez.

Home

 

 

 

 

Share