Prentsa Oharren banner

Irudikari esker, Gasteiz sormenaren hiriburua bihurtuko da urriaren 24tik 26ra

Kultura eta Biltzarren zinegotzi Felipe García Miravallesek Irudika nazioarteko ilustrazioaren topaketa profesionalaren hirugarren edizioa aurkeztu du, zeina urriaren 24, 25 eta 26an egingo baita Gasteizen.

Artium-Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoak hartuko du topaketa, eta mundu osoko irudigileak elkartuko dira bertan. “Irudikak oso negozio-aukera interesgarriak sor ditzake Gasteizen. Oraingoan, antolatzaileek argitaletxeak eta literatur agenteak gonbidatu dituzte, eta horrek handitu egiten du parte-hartzaileen artean sinergiak sortzeko aukera”, azpimarratu du García Miravallesek.

Hitzaldiak, lantegiak, profesionalen arteko bilerak eta kontzertuak antolatu dira, Gasteiz sormenaren hiriburua bihurtuko dutenak. “Mundu osoko irudigileak etorriko dira. Beren lanbiderako hain beharrezkoa den inspirazioa gure hirian aurkitzea espero dugu. Eskaintzeko asko dugu. Ondarea, natura, kultura, gastronomia. Besoak zabalik ditugu haientzat”, adierazi du zinegotziak.

Euskal Irudigileak euskal irudigileen elkarte profesionalak antolatzen du Irudika, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren eta Artiumen laguntzarekin. Vital fundazioa, Acción Cultural de España, Bilbaoarte eta Le Maison des Auters d´Angouleme entitateek ere hartzen dute parte.

Felipe Garcíarekin batera, beste hauek izan dira aurkezpenean: Ana del Val, Kultura eta Kirol foru diputatua; Joxean Muñoz, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea; Axier Urresti, Vital fundazioaren zuzendaria; Elisabeth Pérez, Euskal Irudigileak elkartearen lehendakaria, eta Estíbaliz Zearsolo, Euskal Irudigileak elkartearen ordezkaria.

Informazio gehiago

 

Share