Prentsa Oharren banner

Bi gizonezko atxilotu dituzte bide publikoan beren bikotekideak jotzeagatik

Udaltzaingoaren agenteek 20 urteko mutil gazte bat eta 30 urteko gizonezko bat atxilotu zituzten atzo, bide publikoan beren bikotekideak jotzeagatik genero-indarkeriazko delitu banaren ustezko egile direlakoan, lehena Judimendi auzoan eta bigarrena Erdi Aroko Hirigunean.

Goizeko hamarretan, 092 zenbakira egindako dei batek ohartarazi zuen gizonezko batek emakumezko bat jo zuela bide publikoaren erdian, Judimendi hiribidean. Patruila batek bi bikotekideak eta haiekin batera zihoan beste neska gazte bat aurkitu zituen bertan.  Udaltzainek haien bertsioak entzun zituzten, baita gizonezkoak biktima jo zuela berretsi zuten beste lekuko batzuenak ere, eta beraz, hura atxilotzeari ekin zioten eta gaur epailearen esku geratuko da.

Ordubete geroago, Udaltzaingoaren agenteek bigarren gizonezko bat atxilotu zuten, 30 urtekoa, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egile delakoan, Harategi Kantoian eztabaida batean bere bikotekidea jotzeagatik. Herritar bat eta Udaltzaingoaren patruila bat gizonezkoak emakumezkoari egindako irain eta mehatxuen lekuko izan ziren. Atxilotua epailearen esku geratuko da gaur.

Udaltzainei ez obeditzea

Udaltzaingoaren Agenteek 50 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean, agintaritza-agenteen aurkako desobedientzia, erresistentzia eta atentatuaren delitu banaren ustezko egilea delakoan.

Gizonezkoa oinezkoei agiraka egiten ari zitzaien kalean, eta udaltzainek jokabide hori alde batera utz zezala eskatu zioten. Hura identifikatzeari ekin ziotenean, ukatu egin zen eta udaltzainak jotzen ere ahalegindu zen, eta horrexegatik, atxilotu egin zuten.

Atzo goizaldera, halaber, 32 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, agintaritza-agenteen aurkako beste delitu baten ustezko egilea zelakoan. Gizon horrek kalteak eragin zituen Pintore kaleko ostalaritza-lokal batean.  Polizia esku hartzen ari zen bitartean, bortizkeria handiz jokatu zuen, irainak zuzendu zizkien udaltzainei eta eraso ere egin zien.

Istripuak

Bost pertsona zauritu dira joan den ostiralaz geroztik gertatutako trafiko-istripuetan. Zadorra hiribidean furgoneta baten eta auto baten arteko talkaren ondorioz gertatutako istripuan bigarren ibilgailu hori gidatzen zihoan 19 urteko neska gaztea zaurituta geratu zen. Bertara joandako larrialdi-zerbitzuek artatu eta, gero, Santiago Ospitalera eraman zuten.

Arriagako Atea kaleko oinezkoentzako pasabide batean beste istripu bat gertatu zen hiru autoren arteko talkaren ondorioz. Talka hori dela eta, lehen ibilgailua gidatzen zihoan emakumea, 44 urtekoa, zaurituta geratu zen, eta anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman behar izan zuen.

Oinez zihoan 46 urteko gizonezko bat eta bizikletaz zihoan 21 urteko mutil bat zaurituta geratu ziren Forondako Atea kaleko bidegorrian izandako harrapaketan. Antza denez, oinezkoa bidegorrian sartu zen, begiratu ere egin gabe, eta txirrindularia zetorren bertatik, lehentasuna izanik. Anbulantzia batek biak artatu zituen, gertaera horiek izandako tokian bertan, baina ez zen beharrezkoa izan ospitalera eramatea.

Bizikletaz zihoan 22 urteko neska gazte bat, halaber, zaurituta geratu zen, oinezkoentzako pasabide batean bat-batean sartu ondoren, José Mardones kalearen eta Santiago hiribidearen arteko bidegurutzean, semaforoa oinezkoentzat gorrian zegoela. Errepidetik lehentasunez zetorren motozikleta baten aurka talka egin zuen. Anbulantzia batek artatu zuen txirrindularia, eta gero Santiago Ospitalera eraman zuen.

Udaltzaingoak beste 24 trafiko-istriputan esku hartu behar izan du asteburuan, nahiz ez den zauriturik izan, eta 5 gidari ikertzen ari dira alkoholaren eraginpean gidatzeagatik. Horietako bat, 42 urteko gizonezkoa, ikertzen ari dira, dagozkion alkoholemia-probak egiteari uko egiteagatik.

Ikertutako gidarietako bat, 28 urteko gizonezkoa, semaforo bat gorrian igarotzen ikusi zuten Arriagako Atea kalearen eta Larrugile kalearen arteko bidegurutzean; 49 urteko beste gizonezko batek kontrako norabidetik ekin zion Wellington Dukearen kaleko biribilguneetako batean, eta hirugarrengoa, 26 urteko gizonezkoa, Bakearen kalean ezohiko moduan gidatzen ari zela ikusi zuten. Emaitza positiboa eman zuen alkoholemian nahiz kalamuan.

Asteburuan, alkoholemiaren prebentziorako 7 kontrol egin ditu hirian Udaltzaingoak, eta horietan, 140 gidari inguruk egin behar izan dituzte alkoholemiaren nahitaezko probak. Horietatik lauk emaitza positiboa eman zuten.

Udaltzaingoak 38 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 20 jarduera egin zituen.

Trafiko-istripuak 6 basurderengatik

Suhiltzaileek atzo gaueko hamaikak aldera esku behar izan zuten auto batek istripu bat eduki zuelako sei basurde kumerengatik N-240 errepidean, Miñanoko Parke Teknologikoaren irteeran, Bilborako norakoan.

Horrez gain, sastrakadi batean piztutako sute txiki bat itzali zuten Zadorran, Eraztun Berdearen ondoan.

Baia Ibaiaren kaleko eraikin bateko trastelekuan sute bat piztu zen koltxoi batek su hartu ondoren. Suhiltzaileek hura itzali eta ingurua egurastu zuten.

Joan den larunbatean beste sute bat piztu zen Konstituzio plazan jarritako barraka baten besoetako batean. SPEISeko langileak iritsi zirenerako sua itzalia zegoen. Udaltzaingoaren ikerketa-unitateak baimena eskatu zuen funtzionamenduari berrekiteko, eta kalteak izan zituen beso hori baliogabetuta geratzeko baldintzarekin onartu zuten.

Suhiltzaileek sute bat itzali zuten larunbatean, Bitorialanda kaleko fabrika zahar baten orubean, baita tximista baten ondorioz basoan piztutako beste sute txiki bat ere, A-3008 errepidearen aldamenean.

Share