Prentsa Oharren banner

Gasteizko Udalak ‘K-ZERO’ programa sustatu du, 2019-20 aldian Gasteizko artista eta sortzaileei sortzen laguntzeko

Aukeratzen diren proiektuak Montehermoso kulturunean, Udalaren Antzoki Sareko aretoetan eta gizarte etxeetan garatuko dira

 

 

 

Gasteizko Udaleko Kultura Sailak ‘K-ZERO’ programa jarri du abian, hiriko sortzaileei eta talde eta entitate artistikoei sortzen laguntzeko; Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok aurkeztu du gaur prentsaren aurrean.

“Helburu nagusia da tokiko artista eta sortzaileei sorkuntza-prozesua erraztea eta horretarako aukera ematea udalak orain  dituen kultur ekipamenduen barruan —ekipamenduen ohiko erabilerekin batera jardunez—, eta prozesuak dakartzan gastuak ordaintzen laguntzea”, azaldu du Cantok. “Programaren izena, ‘K-ZERO’, Kulturaren “K” eta zero kilometroren “ZERO” batuz osatu dugu”, erantsi du.

Interesa duten kultur eragileek eskabidea bete beharko dute, eta hori balioesteko garrantzitsutzat jotzen dituzten agiriak erantsiko dituzte. Kultura Sailak aztertuko ditu eskabideak, eta sorkuntza-proiektua gauzatzeko aukerak proposatuko dizkio eskatzaileari. Montehermoso kulturunea, Udalaren Antzoki Sareko aretoak eta gizarte etxeak sartzen dira programaren barruan.

Lekua erabiltzeko baldintzak hitzartzen direlarik, Kultura Sailak kudeatuko du dena delako espazioaren okupazioa, eta aukeratutako espazioan gutxienez zenbat teknikari eta/edo laguntzaile behar diren zehaztuko du; Udalaren kontura joan ahalko da hori.

Nagusiki arte eta kulturaren inguruko sorkuntza-proiektu bat duen pertsona fisiko edo juridiko orok hartu ahalko du parte, profesionalizatzeko asmoa badu eta proiektua garatzeko lanerako espazio baten beharra justifikatzen badu.

“Deialdia jarraitua izango da, sortzaileek eskabidea beren sorkuntza-prozesuaren eta beharren arabera egin dezaten, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak agortu arte. Ebazteko epea bi hilabetekoa izango da, eskabidea erregistratzen denetik, eta gehienez urtebeterako lagako da aretoa”, nabarmendu du zinegotziak.

Sektorearen proposamena

2018-2021rako Gasteizko Kulturaren Plan Estrategikoaren barruan sortu da ‘K-ZERO’ programa. 2019ko urtarrilaren 29an Gasteizko kultur ekipamendu publikoekin lotutako erabilerak, zerbitzuak eta programak birdefinitzeari buruz egindako lan-mahaian hiriko kultur eta sorkuntza sektoreak egindako ekarpenetatik harira dator proposamena.

“Guretzat pozgarria da ‘K-ZERO’ programa eskaintzea, sorkuntza-prozesu esperimentalagoei emango diegulako leku, horren truke emaitza ukigarririk (antzezlanik, erakusketarik…) eskatu gabe. Hori guztiz bat dator gure kultura-agendarekin, integralagoa, tokian tokikoagoa, iraunkorragoa, egonkorragoa eta demokratikoagoa izan nahi baitu, eta bereziki, estrategikoki koordinatua eta planifikatua”, adierazi du Cantok.

Programa eskari fitxa

 

 

 

 

Share