Prentsa Oharren banner

Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak oso txikitatik pantaila eta gailu elektronikoak erabiltzeari buruzko jardunaldi bat antolatu du

 

Ume txikiek pantaila eta gailu elektronikoak erabiltzea aztertuko da Europa jauregian ostegunean egitekoa den jardunaldian. Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak antolatu du topaketa, zeinean profesional ezagunek hartuko baitute parte, hala nola ikertzaile eta hezkuntza dibulgatzaile Catherine L’Ecuyer eta EHUko Psikologia katedradun Enrique Arranz.

 

 

“Hezkuntza erronkak aro digitalean” da jardunaldiaren izenburua, eta Gurasotasun Positiboaren Udal Programan  jasotako ekintzetako bat da: “umeek tabletak, telefono adimentsuak eta abar egoki erabiltzeak eta aro digitalean hezteak dakartzan erronkek hala profesionalei nola familiei sortzen dizkiguten zalantzak argitzen saiatuko gara, txikienek heldu baten presentzia eta kontrolik gabe izaten baitute kontaktua pantailekin“, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Armentiak ohartarazi duenez, “gaur egun, gailu horiek gure seme-alaben haurtzain bihurtu dira, behar baino gehiago. Azterlan batzuek diotenez, txupete emozional arriskutsua dira, psikologia, fisiologia eta garapen alorretako arrazoiengatik, portaerari eragin baitiezaiokete. Errealitate hori ezin dugu alde batera utzi.”

 Hainbat azterlan zientifikok ohartarazi dute txikitan pantailen aurrean gehiegi egotearen arriskuez:

  • Eragin negatiboa du ikaskuntza-prozesuan: atzerapen linguistiko eta kognitiboak, errendimendu akademiko txikiagoa, etab.
  • Beste jolas batzuetan aritzeko denbora kentzen du, baita helduekiko eta beste ume batzuekiko zuzeneko harremana izateko ere.
  • Arrisku-faktorea da umeen obesitatea garatzeko.
  • Eragin negatiboa du umeen loaren kantitate eta kalitatean.

Ondorio horiek eragozteko, Osasunerako Mundu Erakundeak gomendatzen du bi urtera arte gutxienez kontakturik ez izatea mugikorrekin edo bestelako pantailekin, eta adin horretatik bost urtera arte, egunean gehienez ordubete erabiltzea.

 Gomendio horietaz gain, beste hau gogorarazi du Jon Armentiak: “guk geuk hasi behar dugu eredua ematen, ez gaitzatela seme-alabek une oro konektatuta ikus. Pantailak erabiltzeko denbora arautzen ere lagun diezaiekegu, tableta zenbat denbora erabil dezaketen adostu, eta kontrolatzeko gauza direla ikusarazi”.

Gaiari buruz landutako bideo bat ere aurkeztuko da jardunaldian, lagungarria izan baitaiteke gailu elektronikoen eta pantailen erabilera egokiaz sentsibilizatzeko garaian.

Osteguneko jardunaldian parte hartu nahi dutenek 945 16 13 79 telefonoan eman dezakete izena aldez aurretik. Asistentzia doakoa da. Ekitaldia 18:00etan hasiko da, Europa jauregiko Francisco de Vitoria aretoan.

Informazio gehiago

Catherine L`Ecuyer. Hezkuntzan eta Psikologian doktorea. IESE Business School-eko masterra eta Europako ikerketa master ofiziala. Ikertzailea eta hezkuntzari buruzko liburu eta artikuluen egilea.

Espainiako Gobernuarentzat adingabeen artean teknologien erabilera aztertzen aritu zen lan-talde baten kidea izan zen. “Educar en el asombro” lanaren egilea da; zortzi hizkuntzatan argitaratu da liburua, eta hezkuntzaren alorrean bestseller bihurtu da (26. argitalpenera iritsi da).

Enrique Arranz. Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateko Oinarrizko Psikologia Prozesuen eta Garapenaren Saileko Familiaren Psikologiako katedraduna.

 

 

 

 

 

 

Share