Prentsa Oharren banner

Joserra Gutiérrez izango da Luis Aranburu udal musika eskolako zuzendari berria

Egilea: Luis Javier González

 

Joserra Gutiérrez izango da Gasteizko Luis Aranburu udal musika eskolako zuzendari berria. Ziur aski ostiralean izendatuko dute, Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi ostean. Gutiérrezek Paco Galve ordeztuko du, hark uztailean utzi baitzuen kargua Udaleko Hezkuntza eta Kultura Sailaren zuzendaritzaz arduratzeko.

Gutiérrezek Barakaldo eta Bilboko kontserbatorioetan egin zituen goi mailako musika ikasketak, eta gero teknologia berriei buruzko graduondoko bat egin zuen UNEDen. 2003az geroztik, Musika Informatikako irakaslea da eskolan.

Luis Aranburu musika eskolak —Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto da lehendakaria— Gutiérrezen aldeko apustua egin du, zeinak, irakasle lanaz gain, konpositore lanak ere egin baititu. Besteak beste, zenbait film luzeren musika konposatu du (Izarren Argia, Olentzero), antzerkirako eta telebista-saioetarako musika (Blackie&Company, Gernika bajo las bombas), eta umeentzako abestiak (EITB 3Txulo). Orobat, beste konpositore batzuekin batera aritu da, orkestrazioak, egokitzapenak eta moldaketak egiten talde sinfonikoentzat, ganbera taldeentzat eta bandentzat.

 

Share