Prentsa Oharren banner

Udaltzaingoak komunikazio-kanpaina berria jarri du abian, Bide Segurtasunerako Plan Estrategikoaren barruan

 

Zazpi mezu zabalduko dira onlineko hedabideen eta Facebooken bitartez, oinezko, txirrindulari eta gidariak kontzientziatzeko

 

 

 

 

 

Udaltzaingoak beste urrats bat egin du 2018-2023 aldirako Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Iraunkorraren Udal Plan Estrategikoan, kontzientziazio-kanpaina bat abian jarrita. Zehazki, zazpi mezu zabalduko dira hedabide digitalen eta Facebook sare sozialaren bitartez, oinezko, txirrindulari eta gidarien artean jokabide seguruak sustatzearren.

2018ko urrian aurkeztu zen plana, zeinaren xedea nagusia baita hiri barruko istripuen kopurua gutxitzea eta trafiko-biktimei dagokienez “vision zero” helburua lortzea. Horretarako, hirian mugikortasun iraunkor eta segurua sustatu nahi da, eta trafiko-istripuetan hildako eta zaurituen kopurua gutxitu; talde ahulak babestu; jokabide ezegokiak zuzendu; bizialdi osoan seguru mugitzen irakatsi, eta informazioaren kudeaketa eta istripuak aztertzeko prozesuak hobetu.

Lehen komunikazio-ekintza 2019ko urtarrilean egin zen: planaren logotipoa, sinadura eta zigilua diseinatu ziren, eta 20.000 orri-markatzaile argitaratu ziren oinezko eta txirrindulariei zuzendurik. Kalean bertan, ikastetxeetan eta Agirrelandako Bide Heziketarako Parkean banatu ziren zenbait astez. Hiru hilabete geroago, beste euskarri bat erabili zen komunikaziorako: hiri autobusak, egunero 12 ordutik gora ematen baitute hiriko kaleetan barrena.

Orain sarera jauzi egiteko txanda iritsi da, mezuak beste jasotzaile batzuen artean zabaltzearren. Dagoeneko oinezkoei, txirrindulariei, biribilguneei eta gidatzean ditugun distrakzioei buruzko mezuak landu dira; horiei abiadura, alkohola eta drogak zein segurtasun-gailuak gaitzat dituztenak gehituko zaizkie.

Onlineko kanpainaz gain, Udaltzaingoa “Ikasleen autobabesa.Errepideetako eta suteen kontrako segurtasuna ikasi” ikastaroa ematen hasi da hilabete honetan, Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleei zuzendua. Trafikoari eta bide segurtasunari buruz jarrera eta balio egokiak sustatu nahi ditu ikastaroak, arriskuak saihestearren, eta bizikletaren erabilera zuzena; argiak eta txirrinak banatuko dituzte, pizgarri gisa, eta jardunbide egokiak eta ikasitakoa saritzeko.

Argibide gehiago

Kanpainaren irudiak

 

Share