Prentsa Oharren banner

Bi gizonezko atxilotu dituzte bi gizoni aurpegia spray batez eta su-pizgailu batez erretzeagatik

Udaltzaingoaren agenteek 33 eta 27 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten atzo, bi pertsonari lesio larriak eragin zizkien eraso-delitu banaren ustezko egileak direlakoan.

15:00ak aldera, Iradier Arena inguruan, Udaltzaingoaren patruila batek bi ohiko delitugile hauek pintura urdineko spray bat eta su-pizgailu bat erabiltzen ikusi zituen 57 urteko gizonezko baten burura sugarra jaurtitzeko, hainbat erredura eraginez.

Erasotzaileek bertatik ihes egin zuten, eta handik pixka batera, berdin jokatu zuten Errioxa kalean, 60 urteko beste gizonezko bati eraso eginez. Handik alde egin eta geroxeago atxilotu egin zituzten Babesgabetuen plaza inguruan, eta Agirrelandako polizia-etxera eraman ondoren, bertan jarraitzen dute, epailearen esku jartzen dituzten arte.

Erasoa jasan zuten bi gizonezkoak kalean bizi dira normalean, eta bi anbulantzietako osasun-langileek artatu ondoren, ospitaleetara eraman zituzten.

Lapurreta indarkeriaz

29 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, Herrandarren kaleko merkataritza-establezimendu batean indarkeriaz egindako lapurreta baten ustezko egilea delakoan. Arroparen artean ezkutatuta zenbait salgai eramaten saiatzen ari zela atxikita eduki zuen segurtasun-zaindariari eraso egin zion.

Bi auto-harrapaketa

26 urteko emakume bat eta 8 urteko mutiko bat zaurituta geratu ziren atzo gertatutako bi auto-harrapaketetan.

Lehena Ozeano Barearen kalean gertatu zen, emakume bat errepidea oinezkoentzako pasabidetik zeharkatzen ari zela. Anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zuen.

Beste auto batek 8 urteko mutikoa harrapatu zuen, Jeronimo Roure kalean errepidea oinezkoentzako pasabidetik kanpo gurutzatzen ari zela. Udaltzaingoa istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da. Anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zuen adingabea.

Gamarrako Atea kalean izandako trafiko-istripu bat ere ikertzen ari dira; istripu horretan bost ibilgailuk elkarren aurka talka egin zuten. Bi pertsona zauritu ziren: autoetako bat gidatzen ari zen 37 urteko gizonezkoa, Txagorritxu Ospitalera eraman zutena, eta 51 urteko emakume bat, beste ibilgailu bateko bidaiaria, eta hau Santiago Ospitalera eraman zuten.

Udaltzaingoak beste 10 trafiko-istriputan esku hartu zuen atzo, nahiz ez zen zauriturik izan eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituengatik. Horrez gain, 14 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 14 jarduera egin zituzten.

Sutea 4 edukiontzitan

Atzo, Koldo Mitxelena kalean, lau edukiontzitan piztutako suteagatik esku hartu behar izan zuten suhiltzaileek; zuhaitz bat ere kaltetu zuen suak. Deia 22:45ak baino minutu batzuk lehenago jaso zuten parkean, eta sugarrek erabat kiskali zituzten hondakin organikoen eta ontzien edukiontziak, eta partzialki paperaren eta beiraren edukiontziak.

Share