Prentsa Oharren banner

AMVISAk 500.000 euro jarriko ditu 2019an garapenerako lankidetzarako proiektuak diruz laguntzeko

Aurten, AMVISAk 500.000 euro jarriko ditu garapenerako lankidetzarako proiektuak egiteko. Aurreko ekitaldietakoa baino nabarmen handiagoa da zenbatekoa, 250.000 euroko aparteko ekarpena egin baitio garatze bidean dauden herrialdeetan azpiegiturak eta ur- eta saneamendu-sistemak eraikitzeko dirulaguntzak emateko udal deialdiari.

AMVISAk 2019an egindako ekarpenei esker, hiru proiektu gauzatu ahalko dira Honduras, Ginea eta Perun.

Hondurasen, edateko uraren sarea jarriko da Jutiapako 6 landa komunitatetan. Udaleko ur-enpresak 156.684 euro emango dizkio SERSO San Viator de Euskal Herria entitateari, hura arduratzen baita proiektuaz.

Arabako Medicus Mundi elkarteari kopuru bera emango zaio, Chota udalerrian (Peru) ura eta saneamendua eskuratzeko eskubidea bermatzeko.

Azkenik, Solidaridad Internacional elkarteari 61.630 euro emango dizkio AMVISAk, Diari-ko biztanleentzako (Ginea) “Edateko ura eskuratzeko giza eskubidea” proiektua garatzeko.

Ekarpen horietaz gain, Udalaren ur-enpresak 50.000 euro jarri ditu aurten Larrialdietarako Arabako Funtserako, eta 75.000 euro Euskadi-Erdialdeko Amerika erakundeen arteko programa baterako, zeinean Eusko Jaurlaritzak, URA agentziak, aldundiek, ur-kudeatzaileek eta Euskal Fondoak hartzen baitute parte.

Elkarlanean aritzea

Beste bi proiektutan ere hartuko du parte AMVISAk, aholkua ematen. Batetik, udal teknikari batzuk Kubara joango dira laster, Artemisa eta Mayabeque herrietan diharduten bi ur-kudeatzaileri aholku ematera. Gero, Kubako teknikariak Arabako hiriburura etorriko dira, bertako kudeaketa ezagutzera.

Bestetik, AMVISAko langile batzuk Nejapara (El Salvador) joango dira, hondakin-uren araztegi baten eraikuntza-proiektua aztertzera.

Erakundeen eta ur-kudeatzaileen artean ezagutza eta esperientziak partekatzeko ildo baten barruan sartzen dira jarduera horiek.

Share