Prentsa Oharren banner

Hitzarmena, Foru Aldundiarekin, Gasteizen eta Araban euskararen erabilera bultzatzeko

2006az geroztik dihardute elkarlanean Udalak eta Aldundiak, hirian eta lurraldean Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia garatzen. Lau urteko lankidetza-hitzarmen orokorra sinatuko zuten iaz, ildo hori jorratzen jarraitzeko, eta 80.000 euroko ekarpena egiteko konpromisoa hartu zuen Udalak. Ekitaldi honetako ekarpen ekonomikoa onetsi du Urtaranen gobernuak gaurko Gobernu Batzarrean. “Euskadiko hiriburua da Gasteiz, eta orobat izan behar du euskararen hiriburu. Aldundiarekin elkarlanean aritzea funtsezkoa da lurralde osoan herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzea ahalbidetuko duten politikak garatzeko”, nabarmendu du Euskara zinegotzi Iñaki Gurtubaik.

Udalak berriki onartu du Euskara Plan Estrategikoa, zein Aldundiaren hizkuntza-politikak gidatzen dituen plana aintzat harturik idatzi baita. Horren haritik, hainbat ekimen garatzeko balioko du bi erakundeek sinatu duten akordioak, hala nola Gazte Sortzaileak, Euskararen Astea, euskararen erabilera bultzatzeko programak, merkataritzaren arloan hizkuntzaren erabilera bultzatzeko kanpainak, kirol eta aisialdi-elkarte eta -federazioekin lan egiteko mikroplanen sustapena —Marka eta Erronka topaketa, kasu—, begiraleentzako prestakuntza-ikastaroak eta beste. Azken batean, euskararen ikaskuntza eta erabilera bultzatzeko kanpainen maila teknikoan eta ekonomikoan parte hartuko dute bi erakundeek, euskararen presentzia gizartearen arlo guztietan areagotzeko asmoz.

 

Euskaltegientzako dirulaguntzak

Orobat inbertituko ditu 99.000 euro Gasteizko Udalak, datorren ikasturtean, euskararen erabilerarekin lotutako dirulaguntzetan. Gaur goizean onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak laguntzak emateko deialdia, hirian euskara sustatu eta euskararen ikaskuntza bultzatzeko asmoarekin.  Hain zuzen ere, Arabako hiriburuan helduentzako euskara-eskolak ematen dituzten euskaltegi homologatuei zuzenduta dago Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsi duen dosierra. 80ko urteetatik laguntzen die Udalak, Eusko Jaurlaritzak ematen dituen dirulaguntzen osagarri, hartara herritarrentzat matrikula-kostua txikiagoa izan dadin.

 

Share