Prentsa Oharren banner

Udalak 30 milioi euro inbertituko ditu udal eraikinetako klimatizazio-instalazioak eta ur beroaren instalazioak mantendu eta hobetzen, iraunkortasunaren aldeko apustu argia eginez

Tokiko Gobernu Batzarrak Giroa SA enpresari esleitu dio udal eraikinak erregai bidezko energiaz hornitzeko eta klimatizazio instalazioak (berokuntza, aire girotua eta aireztapena) eta ur bero sanitarioko instalazioak osorik eta berme osoz mantentzeko kudeaketa iraunkorrerako kontratua, 30.138.293,83 euroan. Kontratua gauzatzeko epea 5 urtekoa da.

Duela bi hamarkada ia ezarri zuen Udalak energia-kudeaketarako eredua berak kudeatzen dituen eraikin eta aretoetako klimatizazio-instalazioetan (berokuntza, klimatizazioa eta aireztapena) eta ur beroaren instalazioetan. Geroztik, instalazioak modernizatzen joan dira, eta energia-kostuak zein CO2ren emisioak murrizten, hau da, instalazioak iraunkorragoak bihurtu dira.

Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak eraikinetako energia-baldintzak hobetzeko zenbait jarduera aurreikusi ditu agintaldi honetarako, araudiak ezarritakoaren ildotik. Saileko zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok azpimarratu duenez, “kontratu berri honek Gasteizek ingurumenarekin hartutako konpromisoa sendotzen du, energia berriztagarrien ezarpena sustatzen baitu”.

Kontratuak helburu hauek ditu: kontsumoa eta CO2ren isurketak murriztea; energiaren erabilera arrazionalizatzea; hiri osoaren garapen iraunkorrari laguntzea, klima-aldaketaren kontrako borrokarako estrategia baita; instalazioak errendimendu optimoan mantentzea, behar diren doikuntzak eginez eta ekipoak berrituz; Udalaren instalazioen ondarea hobetzea, eta udal instalazioen erabiltzaile eta langileen erosotasuna bermatzea kontratuaren barruan sartzen diren eraikinetan.

Azpiegituren energia-ezaugarriak hobetzeko guztira 6.847.040,71 euroko inbertsioa aurreikusi da, batetik baldintza-agiriak agintzen dituen inbertsioak eta bestetik enpresak bere aldetik eskainitakoak kontuan hartuta.

Nahitaezko inbertsioen barruan zenbait neurri sartzen dira, hala nola gasa detektatu eta eteteko sistemak, gasolio-sistemen ordez biomasa-zentralak jartzea, tenperaturari eta hezetasun-kontrolari buruzko informazio-panelak, etab.

Enpresak eskainitako inbertsioak, berriz, hiru 3 multzotan banatzen dira. Batetik, energia-eraginkortasunarekin lotutako inbertsioak: 5 biomasa-zentral ezartzea, 13 eraikinetako fatxadak isolatzea, 5 galdararen ordez efizientzia handiko kondentsazio-galdarak jartzea, balbula termostatikoak gehitzea, etab.

Bestetik, zerbitzua hobetzeko inbertsioak daude: zentroetako tenperaturaren kontrola hobetzea, CO2 zundak jartzea… Azkenik, instalazioak hobetzeko inbertsioak proposatu dira: gas-kontagailuen teleneurketa, telekudeaketa eta kontrol-sistemak, etab.

 

Share