Prentsa Oharren banner

Alkateak hitzeman du lan egingo duela Gasteizek hiri iraunkorra izaten jarrai dezan, Nazio Batuen ingurumen arloko adituen topaketaren hasieran

 

 

 

 

 

 

Biodibertsitatearen eta ekosistemen arloko nazioarteko ehun espezialistak planetaren beharrak aztertuko dituzte Europa jauregian

Gaur goizean, alkateak hitzeman du lan egingo duela Gasteizek hiri iraunkorra izaten jarrai dezan, Natura Balioen Ebaluazioarekin zerikusia duten Egileen II. Nazioarteko Bileraren hasieran; Nazio Batuen Erakundeak babesten du ingurumen arloko adituen topaketa hori. Biodibertsitatearen eta ekosistemen arloko munduko ehun espezialistak naturak eskaintzen dituen balioak aztertuko dituzte, eta planetak horrekin lotuta dituen beharrak eta erronkak. Lehenengo bilera 2018an egin zuten, Mexiko Hirian.

Lehendakari Iñigo Urkulluk, diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek eta alkateak hasiera eman ondoren, Biodibertsitateari eta Ekosistemen Zerbitzuei buruzko Gobernuarteko Zientzia eta Araudi Plataforma osatzen duten pertsonek lan gogorra egingo dute bost egunez; Nazio Batuek babesten dute gobernuarteko organo independente hori, zeinaren presidentekide Unai Pascual gasteiztarra baita.

Aditu horien helburua da zientziaren eta politika publikoen formulazioaren artean zubiak ezartzea. Esate baterako, pasa den maiatzean argitaratu zuen txosten batean gizakion jardueraren ondorioz milioi bat animalia eta landare espezie galtzeko zorian daudela ohartarazi zuen plataformak. Gasteizen lanean aste osoa eman ostean azken txosten bat landuko dute, planeta guztian ingurumen-politika eta ekintzarako ekarpenak bilduz. Europa jauregian lanean ari diren adituak Amerikatik, Karibetik, Ekialdeko eta Mendebaldeko Europatik, Asia-Ozeano Baretik eta Afrikatik etorri dira.

Alkateak ongietorria eman die 2012tik Europako Hiriburu Berdea eta duela hilabetetik Munduko Hiri Berdea den honetara. “Gure hiria klima aldaketaren kontrako borrokan guztiz konprometitua dago, baita 2030 Agendarekin eta Garapen Iraunkorreko Helburuak betetzearekin ere. Izan ere, Espainiar estatuan buru gara helburu hori lortzeari dagokionez, eta horretan saiatzen jarraituko dugu”, azaldu du.

Share