Prentsa Oharren banner

Gizonezko bat atxilotu dute El Pilarreko taberna batean haxix-trafikoagatik

Udaltzaingoak 35 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo, osasun publikoaren aurkako delitu baten ustezko egile gisa, El Pilar auzoko taberna batean droga saltzeagatik.

Gertaera horiek astelehen arratsaldean hasi ziren, udaltzaingoak establezimendu horren inguruan zaintza-sistema bat abiarazi baitzuen, bertan drogarekin trafikatzen zutela susmatzen zuelako.

Egindako ikerketen ondorioz, eta establezimendura sartu aurretik, udaltzainek lau administrazio-espediente ireki zizkieten lokal horretan erositako droga zeramaten beste hainbat pertsonari; guztira, 15 gramo haxix baino gehixeago.

Tabernaren barrualdean, Udaltzaingoak ustezko saltzailea atxilotu zuen eta egindako miaketan 240 euro topatu zituzten 50 eta 20 €ko billetetan, sukaldean ezkutatuak. Atxilotua epailearen esku geratuko da gaur goizean.

Azkeneko egun hauetan Udaltzaingoak El Pilar auzoan drogaren aurka egin duen bigarren jarduera da oraingo hau. Lehena joan den igandean izan zen, Lima kaleko ostalaritza-lokal batean, eta bertan beste bi pertsona atxilotu zituzten, haiek ere droga saltzeagatik.

Genero-indarkeria

Udaltzaingoaren agenteek 39 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, bere emaztea jo eta iraintzeagatik, emaztea Agirrelandako polizia-etxera salaketa jartzera etorri ondoren. Haren kontakizuna entzun ondoren, udaltzainek ustezko erasotzailea aurkitu zuten, eta gaur epailearen esku geratuko da.

Trafiko-istripuak

Gidatzen zihoan 49 urteko emakume bat zauritu zen atzo, Zadorra hiribidean bere autoaren kontrola galdu eta farola baten aurka talka egin ondoren. Suhiltzaileen talde bat eta osasun-langileen beste talde bat bertara joan ziren emakumea artatzera, eta gero anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman zuen.

Bizikletaz zihoan 17 urteko mutil gazte bat zauritu zen Miren Martinez Saez del Burgo kalean beste bizikleta batekin talka egin ondoren. Talka horren ondorioz, larrialdi-zerbitzuek artatu behar izan zuten, eta gero Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Gauean istripu bat gertatu zen Praga hiribidean, izan ere, motoz zihoan 34 urteko gizonezko bat bere motoaren kontrola galdu eta lurrera erori baitzen. Zaurituta geratu zen. Anbulantzia batek bertan artatu ondoren, Santiago Ospitalera eraman zuten.

Udaltzaingoak atzo beste 16 trafiko-istriputan esku hartu zuen, baina ez zen zauriturik izan eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituengatik. 25 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 9 jarduera egin zituzten.

Zuhaitz bat erori da

Goizaldeko 2:30ean, neurri handiko zuhaitz bat erori da Mendateen Zidorra kalean, Zaramagan, baina ez die inolako kalterik eragin ez gizakiei eta ez gauzei ere. Udaltzaingoak lorategi-zerbitzua jakinaren gainean jarri du hura kentzera joan daitezen.

 Edukiontzi batek su hartu du

Suhiltzaileek esku hartu behar izan zuten atzo, Duranan zabor-edukiontzi batean piztutako sutea itzaltzeko.

Share