Prentsa Oharren banner

(Audioaz eguneratuta) Mugikortasun Sailak trafikoa motelduko du Nazio Batuen eta Sofia Erreginaren hiribideetan zein Ozeano Barearen kalean, Zabalganeko bide-segurtasuna hobetzearren

Amaia Barredoren adierazpenak

Gasteizko Udalak 47.107,32 euro inbertituko ditu Zabalganeko zenbait kaletan trafikoa moteltzeko. Gorka Urtaran alkateak iragarri zuenaren ildotik, auzoan lehen superetxadia sortzeko egiten diren lehen lanak dira. Udal gobernua “superetxadi” deritzon hiri konfigurazioa sustatzen ari da, auzoetan segurtasuna, bizigarritasuna eta mugikortasun iraunkorra hobetzeko tresna gisa. Zabalganari dagokionez, Zabalgana hiribidea, Giza Eskubideen hiribidea, Sofia Erreginaren hiribidea eta Nazio Batuen hiribidea barne hartzen ditu etorkizunerako proiektatu den superetxadiak.

Lehen ekintzek bide periferikoetan ibilgailu motordunen abiadura moteltzea ahalbidetuko dute, baita txirrindulari eta oinezkoen zirkulazioa nabarmen hobetzea ere. Izan ere, Ozeano Barearen kalean ez ezik, “superetxadiaren” barruan zirkulazio eta abiadura handia duten bi lekutan ere esku hartuko da, Nazio Batuen hiribidean eta Sofia Erreginaren hiribidean. Zati arriskutsuetan zirkulazio-bideak gutxituko dira; trafikoa orduko 30 kilometrora motelduko da; aparkalekuak berrantolatuko dira eta bidegorri berria egokituko da Ozeano Barearen kalean.

Udalak lehen proiektuaren kontraturako lehiaketa onetsi du gaur goizean; Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren mendeko Espazio Publikoaren Zerbitzuak eta Trafiko Zerbitzuak landu dute proiektu hori. Zabalganeko auzo elkartearekin batera landu zen hori, baina lanei ekin aurretik berriro aztertuko dute denen artean. “Duten diseinuagatik, hiru kale horietan ibilgailuek abiadura handia har dezakete. Horregatik, egoera berrira egokitzea eta seguruago bihurtzea proposatzen dugu, Udalak mugikortasun iraunkorra, segurua eta osasungarria lortzeko azken hamarkadan sustatu dituen politikekin bat etorriz“, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok.

Leku bakoitzean irtenbide ezberdinak emango dira:

Nazio Batuak: oinezkoek gehien erabiltzen dituzten pasabideak, autobus-geltokiak eta kale perpendikularrak kontuan izanik, zirkulazio-errei bat kenduko da (batzuetan ezkerrekoa eta besteetan eskuinekoa), ondoko kaleetara desbideratuz. Horrek errei batetik bestera aldatzera behartuko ditu ibilgailuak. Erdibideak ere zabalduko dira, trafikoa moteltzearren. Azken urteetan dagoeneko jarri dira semaforoak eta pasabide goratuak. Biribilguneko erreiak ere gutxitu ziren, pintura baliatuz.

Sofia Erregina: hiribide horrek zeharkako kale gutxiago ditu, baina antzera jokatuko da. 30eko errei bat sortuko da, tamaina handiko “takoak” erabiliz bereizita (Forondako atean bezala), bide horretan sartzea eragozteko.

Ozeano Barea: funtsean, errei bat kenduko da, bidegorria jarriko baita horren ordez. Bidegorria espaloiaren ondotik joango da, eta aparkalekuen lerro batek “babestuko” du, zeinak lehengo zirkulazio-bideetako bat hartuko baitu.

Share