Prentsa Oharren banner

Bost eguzki-instalazio fotovoltaikok udalaren bost eraikinetarako energiaren % 20tik gora sortzeko balioko dute

 

  • Atarian, suhiltzaileen etxean, Jundizko enpresa-zentroan, eta Olarizuko eta Abetxukuko baratzeetan paratuko dira

Gasteizko Udalak bost eguzki-instalazio fotovoltaiko ipiniko ditu. Urtaranen gobernuak sustatzen duen ekimen honen aurrekontua 153.690 eurokoa da guztira, BEZa barne, eta horren kontratua ‘Energía, innovación y desarrollo fotovoltaico’ eta ‘Zuia ingeniería’ enpresei esleitu izan zaie gaur, 95.299,92 euroko azken prezioan (lau multzo ziren). Proiektuak Udalaren bost eraikinetan energia garbi eta doakoaren autokontsumoa sustatzeko balioko du. Zehazki, panelak Salburuko Hezeguneak Interpretatzeko Zentroan (Ataria), suhiltzaileen Agirrelandako eraikinean, Jundizko Udal Enpresa Zentroan, Olarizuko baratzeetan eta Abetxukuko baratzeetan instalatuko dira. “Aurreikuspenen arabera, eraikin horiek kontsumitzen duten energiaren % 20-30 inguru sortzea espero dugu. Horietako batzuk tamaina handikoak direnez gero, energia-fakturan eragina ere izango du”, esan du gaur goizean Gorka Urtaranek.

Enpresa esleipendunak instalazioak hornitu, instalatu, legeztatu eta lanean jartzeaz arduratu behar dira. Eguzki-plaka guztiak eraikinetako estalkietan jarriko dira, Atarian izan ezik; han, eraikinaren ondoko lursail batean jarriko dira. Lanak gauzatzeko epea 3 hilabetekoa izango da, kontratua sinatzen denetik.

Hornitutako elementu guztiek hiru hilabeterako fabrikazio, instalazio eta diseinu bermeak izan beharko dituzte. Modulu fotovoltaikoek, berriz, 10 urteko bermea izango dute. Inbertsoreek eta eusteko egiturak, azkenik, gutxienez bost urteko bermea. Orobat, bi urtez sistema mantentzeaz arduratu beharko du esleipendunak. instalazio fotovoltaikoak monitorizazio-sistema telematikoa izan beharko du, udal zerbitzu teknikoek hainbat alderdiri buruzko informazioa eskuratu dezaten: tentsioa, intentsitatea, egunean sortutako energia kopurua eta guztira kontsumitutako energia kopurua.

Udala trantsizio energetikoaren alorrean gidatzen ari den estrategiaren barruko proiektua da.

Share