Prentsa Oharren banner

Udalak Ospitale plaza eraberrituko du, irisgarriagoa eta modernoagoa izan dadin

Udalak ia 1.000 metro karratuko azaleran jardungo du guztira, Frantzia eta Santiago kaleetako zatiak barne

 

 

 

 

 Proyectu-dossierra

Gasteizko Udalak Ospitale plaza —Guardien plaza izenez ere ezaguna— eraldatuko du, irisgarriagoa eta modernoagoa izan dadin. Gobernu Batzarrak Balgorza enpresari esleitu dio kontratua, 362.034,58 euroan, BEZa barne. Urtaranen gobernuak bultzatutako esku-hartzea “Vitoria-Gasteiz Hobetuz” izeneko partaidetza-prozesuaren fruitua izan da, eta aipatu plaza modernizatzea eta hobetzea ekarriko du. Udalak plazaren 650 metro karratuko azaleran jardungo du, baita Frantzia kaleko 120 metro karratutan eta Santiago kaleko 200 metro karratutan ere. Lanak gauzatzeko epea lau hilabetekoa da.

“Esana genuen, ahalegin handia egingo genuela Gasteizko auzoak hobetzeko”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak. Proiektuak hainbat helburu ditu: espazio horren erakargarritasuna eta estetika hobetzea, zoladura eta hiri-altzariak aldatuz; espazioa berrantolatzea, oinezkoentzat irisgarriagoa izan dadin, eta egoera txarrean dauden sareak eta azpiegiturak –argiztapena, saneamendua, hornikuntza eta drainatzea– berritzea. Ezkutatuta egotetik alboko kaleen maila berean egotera igaroko da, eta hala, jendea elkartzeko eta denbora pasatzeko gune atsegin bihurtuko.

Izan ere, plaza berriak 90º-ko plaza zirkularra osatuko du. Kurba horren erdia Frantzia kalearen mailan egongo da. Santiago kaletik hurbil dagoen inguruan, berriz, plaza eta kalearen arteko garaiera aldeari irtenbidea emateko eskailerak jarriko dira. Gainera, plazaren muga gisa 14 eta 17 metroko bi banku luze jarriko dira, bertaratzen direnek atseden hartzeko. Gaur egun Ospitale plaza Frantzia eta Santiago kaleetatik bereizteko dauden hormak kendu egingo dira.

Udalak plazako lurra goitik behera aldatzeko helburua ere badu. Jarriko den zoladurak granitozko lauza horiak izango ditu erdigunean. Eraikinen eta plazaren artean, granitozko lauza grisak ipiniko dira. Estetika aldetik, Andre Maria Zuriaren plaza, Santa Barbara plaza eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurua ekarriko ditu gogora. Errege ateak etorkizunean izango duen itxura ere horien antzekoa izango da.

Urtaranen gobernuak espazio publikoan sustatu dituen beste esku-hartze batzuetan bezala, eraberritze-lanak argiztapena aldatzeko ere aprobetxatuko dira. Ildo horretan, argiztapen-puntu bakarra jarriko da, led lanparak txertatuta izango dituzten sei proiektatzailerekin. AMVISAk, berriz, drainatzea eta saneamendua berritzeko beharrezkoa lanak egingo ditu.

Espazio Publikoaren Zerbitzuak zuhaitzak landatzeko asmo ere badu –Celtis Australis motakoak–, eta lekuz aldatuko du iturri apaingarria. Iturria zaharberritu ere egingo da. Zuhaitzek 10 metroko altuera hartuko dute gutxi gorabehera, eta plazaren inguruan jarriko direnez, trafikoa eta egoteko lekua bereizteko balioko dute, itzala emateaz gain. Fatxadetatik nahikoa urrun jarriko dira, etxeei enbarazu ez egiteko.

Santiago kalean plaza ukitzen duen espaloia berrituko da, eta, horrez gain, Vitoria-Gasteiz modeloko sei-aparkaleku jartzea erabaki da, hondakinen kontainerren alboan. Frantzia kalean, plaza ukitzen duen espaloia berritzea da asmoa.

 

 

Share