Prentsa Oharren banner

Udalak zozketa egingo du Urarteko udal baratze ekologikoetan (Abetxuku) dauden lursailak aldi baterako erabiltzeko

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsi du Urarteko (Abetxuku) aisialdiko hiri-baratzeetako lursailak baliatzeko baimena emateko deialdi publikoa.

“Natura hirian bertakotzeko oinarrizko elementu dira hiri-baratzeak, baita pixkanaka autoekoizpen-estrategiak eta iraunkortasunaren inguruko sentsibilizazioa garatzen joateko ere. Mota horretako ekimenei esker da posible neurri handi batean gure gizartean oinarrizko kontzeptuak zabaltzea, besteak beste, elikadura-burujabetza, tokiko produktuak, elikadura osasungarria eta osasunerako hezkuntza“, Gorka Urtaran alkateak azpimarratu duenez.

Ekimen horien artean leku nabarmena hartzen dute Abetxukuko aisialdiko hiri-baratzeek, zeinek partikularrek aldi batez baliatzeko 225 lursail biltzen baitituzte.

Urarteko baratzeak baratzezaintza ekologikoa garatzeko ekipamendua dira, eta Eraztun Berdeko Zadorrako parkean daude, Abetxukun.

Espazio honek 60.000 m2 hartzen ditu, eta honela banatzen da: 75 m2-ko banakako lursail, baratzezaintza ekologikoa irakasteko 600 m2-ko baratze kolektibo bat, talde edo kolektiboei zuzendutako 600 m2-ko beste gune bat (lursailetan banatua), dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako 4 laborantza-mahai, ureztatzeko uraskak espazioan zehar sakabanatuta, eta mahai eta aulkiz hornitutako atsedenlekuak. Horiez gain, zerbitzuetarako bi eraikin ditu, non produktu eta lanabesen biltegia, armairuak eta aldagelak, ikasgela-lantegia eta informazio bulegoa kokatzen baitira.

Ekipamenduaren xedea hiriko pertsonei zein irabazi asmorik gabeko kolektibo eta elkarteei hiri-baratzezaintza ekologikoa praktikatu ahal izateko leku bat eskaintzea da. Baratzeetan hezkuntza-jarduera eta -programak garatzen dira, pertsona eta kolektibo sorta zabal bati zuzenduak.

Gaur egun, taldeentzako lursailetan talde hauek ari dira proiektuak garatzen: Abetxukuko Uribe-Nogales auzokideen elkartea, Xilema Fundazioa, Abegia, BioAlai, Abetxukuko Ekimen Etxea elkartea, Egibideko zereginen ikaskuntzarako gela, CEAR eta Down Araba Isabel Orbe elkartea.

 

Share