Prentsa Oharren banner

Hasi dira Cervantes eta Frai Francisco Vitoria ibilbideetako 58 indigaztainondoren osasuna ebaluatzeko lanak

 

Udalak, Hiri Paisaiaren Atalaren bitartez, zuhaitz horien azterlan zehatz eta sakona egingo du, tomografien eta resistografo baten bitartez egindako proben laguntzaz.

Gasteizko Udalak hasi ditu Cervantes eta Frai Francisco Vitoria ibilbideetako zuhaiztien egoera eta arriskua ebaluatzeko lanak. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak kontratatutako enpresa batek, Doctor Arbolek, gaur hasi ditu lanak. 58 zuhaitz aztertuko dira (44 Frai Francisco ibilbidean eta 14 Cervantes ibilbidean) hiru hilabetean. Zuhaizti hauek zehatz-mehatz aztertu behar direla uste du Hiri Paisaiaren Atalak, duten adina eta nabari zaizkien zahartze-zantzuak direla eta. 55 zuhaitz indigaztainondoakaesculus hippocastanum- dira, eta 100 eta 300 zentimetro arteko perimetroko enborra dute. “Hiriko zuhaiztiak modu berri batez kudeatu nahi ditugu. Udalerriko zuhaiztiei eragingo dien edozein erabakik lan tekniko eta zientifikoa izan behar du atzetik. Horretaz gain, zabalkundea emango diogu, herritarrek egiten diren esku-hartzeak uler ditzaten” azaldu du gaur goizean Amaia Barredo zinegotziak. Azken datuen arabera, Gasteizek 2016an baino 2.432 zuhaitz gehiago ditu, guztira 115.000 dira hirian zehar banatuta.

Udalak 21.600 euroko inbertsioa egingo du lan horietarako, eta honako alderdiak landu eta bilduko beharko dira: aurrekariak, kokapena eta ingurunea, fisiologia eta biomekanika arloetako ondorioak, egindako analisiak, fitxak, arriskuen sailkapena eta proposatutako esku-hartzeak. Horretarako banaka aztertu behar dira zuhaitzak.

Enpresak lan hauek egingo ditu: ikusizko analisia eta ale bakoitzaren deskribapena (bizitasuna, adaburuaren dentsitatea, neurriak, akatsak, ikusten diren lesioak), azterketa instrumentala, zulaketa mekanikoko gailuak (resistografoa) eta tomografia sonikoak erabilita, eta laginak hartu eta trakzio-testa, lau aletan gutxienez. Informazio horrekin guztiarekin, balorazio orokorra egingo da, ebaluazio osoa jasotzen deun txostena egingo da (egoera fisiologikoa, sendotasuna, haustura- edo erorketa- arriskua), eta esku-hartze proposamena erantsiko da.

 

 

Share