Prentsa Oharren banner

VII. Aitzina Folk jaialdia hartuko du Gasteizek, eta Kalakan eta Milladoiro izango ditu talde nagusi

Xabi Aburruzagak, Garadicek eta Alos Quarter laukoteak disko berriak aurkeztuko dituzte jaialdi solidarioan.

 

 

 

 

 

Aitzina Folk Jaialdi Solidarioaren VII. edizioa hartuko du Gasteizek azaroan eta abenduan. 20 jarduera eta lantegitik gora izango dira, hiriko zazpi gunetan banatuta. Jarduera horietako asko doakoak eta jende ororentzat izango dira.

Kalakan eta Milladoiro dira jaialdiko talde nagusiak, eta Mendizorrotzeko kiroldegian emango dute kontzertua. Horietaz gain, badira nazioko zein nazioarteko folkaren  beste erreferente batzuk ere: CastellanAS, Eleanor Shanley, RIU, Xabi Aburruzaga, Natívitas, Boreas Camara eta Xabier Martínez de Otxagabia, besteak beste. Xabi Aburruzagak, Garadicek eta Alos Quarter-ek disko berriak aurkeztuko dituzte jaialdian.

Gaur aurkeztu dute ekitaldia Montehermoso kulturunean, eta Gasteizko Udaleko kultura zinegotzi Estibaliz Cantok, Kultura eta Kiroleko foru diputatu Ana del Valek  eta  jaialdiko zuzendari Patxi Villenek hartu dute parte prentsaurrekoan. Azken hori Parradust taldeko kidea da, eta Euskadin ataxia telangiektasiak eragindako mutil baten aita (Jon semeak 16 urte ditu); horretaz gain, Aefat elkarteko lehendakaria da, zeinak Espainiako estatuan eragindako 30 familiak biltzen baititu. Orobat izan dira bertan Alos Quartet taldeko Xabier Zeberio biolin-jotzailea, Xabi Aburruzaga trikitilari ospetsua, Elziegoko gaita-jotzaile Juantxu Gomez, eta Kepa Ortiz de Urbina (musikaria eta jaialdiko babesleetako bat den Euskadiko Kutxaren ordezkaria).

Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok eskertu egin nahi izan du “Aitzina Lan Taldeko kideek kultura baliatuz gaixotasun arraro bat – Ataxia Telangiektasia–  ikusarazteko egiten duten ahalegin eta ilusio handia, eta zazpi edizio hauetan lan horretan erakutsi duten ilusio eta itxaropena”.

Sarreren salmentarekin eta zero ilararekin (Laboral kutxa 3035 0228 96 2280099996) lortzen diren irabaziak Aefak elkarteak –ataxia Telangiektasiak eragindako familien elkarteak–  Nafarroako Unibertsitate Klinikan finantzatzen duen  terapia genikoko ikerkuntzara bideratuko du Aitzina Folkek.

 

Informazio gehiago www.aitzinafolk.org

 

 

Share