Prentsa Oharren banner

Gomendio sorta bat eman du Udaltzaingoak, Halloween gaua segurtasun osoz goza dezaten herritarrek

Bihar, ostegunez, Halloween gaua izango dela eta, gizalegez eta begirunez jokatzeko deia egin die Udaltzaingoak herritarrei, hirian gero eta errotuago dagoen festa hori lasaitasun eta segurtasun osoz bizi dadin.

Helburu horrekin, hainbat kontrol egingo dituzte udaltzainek festa ospatzen den establezimenduetan, zaraten ordenantza eta ixteko ordutegia betetzen direla bermatzeko, adingabeei alkohola ez zaiela saltzen egiaztatzeko eta edukierak zaintzeko.

Zentzu horretan, larrialdietako irteerak libre uztearen garrantzia gogorarazi du Udaltzaingoak, irisgarri egon daitezen uneoro, eta laguntza eskatu die herritarrei, edozein anomalia, arau-urraketa edo arrisku-egoera antzematen dutelarik 092 telefonora dei dezaten.

Gomendio sorta bat ere egin die herritarrei:

  • Alkoholik edatekotan, arduraz egin.
  • Autoa hartzekotan bazara, ez hartu edari alkoholdunik.
  • Errespeta ezazu festan parte hartzen ez dutenen atsedenerako eskubidea.
  • Ez beti da ez. Errespetatu. Salatu eraso matxistak.
  • Ez erabili produktu piroteknikorik; debekatuta egoteaz gain, lasaitasuna eta atsedena galarazten dizkiete pertsonei nahiz animaliei.

Domu Santu eguna

Halloween gauean ez ezik, Udaltzaingoak arreta berezia izango du azaroaren 1ean ere, Domu Santu egunez, hiriko hilerriek milaka bisitari hartu ohi baitituzte.

Hori dela eta, udaltzainek Salbatzailearen hilerriko sarbidea arautuko dute, non behin-behineko aparkaleku-eremua jarri baita, eta Santa Isabel hilerrian ere zaintza areagotuko dute.

Batera zein bestera joateko garraio publikoa erabiltzeko gomendatzen du Herritarren Segurtasunaren Sailak.

Share