Prentsa Oharren banner

Ur biltegian egingo da Mazokaren V. edizioa, abenduaren 20tik 22ra arte

 

 Dossier

Kultura eta Biltzarren zinegotzi Felipe García Miravallesek Gasteizko Mazoka marrazki eta ilustrazioaren jaialdiaren V. edizioa aurkeztu du: Montehermoso kulturuneko ur biltegian egingo da, abenduaren 20tik 22ra arte.

“Jaialdi grafiko hau marrazkigintza, ilustrazio eta arte plastikoetako balore berriak ezagutarazteko tresna da”, adierazi du García Miravallesek.

Orotara 40 mazokalarik hartuko dute parte ferian, eta horien ehuneko 30 Euskadikoak dira. Lehenengo aldiz hartuko dute parte denek. Besteak beste, Iñaki Martiarena (Mattin), Ester García, Miren Asiain, Max Hierro, Ale Díaz Bouza, Díaz Faes, Oskar Benas, Inés Bermejo eta Nerea Lekuona nabarmendu daitezke.

Jaialdiarako 194 eskabide jaso dira, estatutik zein beste herrialde batzuetatik (Ingalaterra, Portugal eta Argentina). “Kopuruak gora egiten du urtez urte: horrek erakusten du jaialdiak interesa pizten duela hala profesionalengan nola ur biltegira lanak erostera hurbiltzen diren gasteiztarrengan”, azpimarratu du zinegotziak. 

 

Oroitzapenezko karta-sorta

Marrazki azokarekin batera zenbait jarduera antolatu dira. Esate baterako, oroitzapenezko karta-sorta bat sortu da Mazokaren V. urteurrena eta Naipes Fournier enpresaren 150. urteurrena ospatzeko, zeina Goiuri jauregian jarriko baita ikusgai. Tamaina handiko kartak dira, Noemí Villamuza, Maite Gurrutxaga, Yolanda Mosquera eta Elena Odriozola ilustratzaile eta mazokalari ohiek sortuak.

Ekitaldia aurkezteko prentsaurrekoa Bibat museoan egin da, eta hauek izan dira bertan zinegotziarekin batera: Marta C. Dehesa, Mazokaren zuzendaria, Diego Ruiz de Gauna López, Naipes Fournier enpresako komunikazio zuzendaria, eta karta-sorta landu duten lau marrazkilariak.

Bekikasle beka

Bestetik, Mazokak Bekikasle izeneko beka sortu du, zeinak onura hauek eskaintzen baititu: doako izen-ematea; bi pertsonarentzako ostatua, hiru gauetarako, eta 200 euro, azokarako obra ekoizteko. Mariñe Jáureguik —Marijauregi izen artistikoa erabiltzen du— irabazi du 2019ko edizioko beka.

Informazio gehiago: mazoka.org

 

 

 

Share