Prentsa Oharren banner

Bide eman dio Udalak Aldaialdeko lizentziari, eta ikastetxea eraikitzeari informazio-azterlan berriaren zain egon gabe ekin ahal izango zaiola bermatu

Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Sailak eman berri du Eusko Jaurlaritzari Aldaialde ikastetxearen eraikuntza lizitatzeko esku ematen dion lizentzia. Gainera, Udalak bermatzen du “makinek ikastetxea eraikitzeari ekin ahal izango diotela Eusko Jaurlaritzak obrak lizitatu eta adjudikatu bezain laster, Sustapen Ministerioak beste informazio-azterlan bat onetsi zain egon gabe”.

Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik konpromisoa hartu bezala, Eusko Jaurlaritzak kontratatutako arkitektoek aurreko ostiralean bidalitako eranskina ontzat eman bezain laster onartu da lizentzia. “Lizentzia aktibatu ahal izateko, ezinbestekoa zen eranskin horri buruzko nahitaezko txostenak edukitzea, eta udal zerbitzuek egin dituzte dagoeneko, astelehenean hasi eta gaur bitartean, ahalik eta prestutasunik handienarekin. Gure lehentasunetako bat da proiektu hau, eta horren arabera jokatu dugu”, gogoratu du zinegotziak.

Gaur onartu den lizentziarekin, bi aukera daude. Alde batetik, eskolaren eraikuntzaren kontratazio-aldia bukatu aurretik Sustapen Ministerioak informazio-azterlan berria onestea, egungoa bertan behera geratzea eta lursail horretan proiektu osoa gauzatzeko bidea irekitzea. Bestetik, berriz, adjudikazio-prozesua bukatzen delarik informazio-azterlan berria artean onetsi gabe egotea. Gaur onartu den lizentziarekin, onespen horren zain egon gabe ekin ahal izango litzaioke ikastetxea eraikitzeari. Onespen horri lotuta geratuko litzatekeena lursail zerrenda bat baino ez litzateke izango, aparkaleku bat eta berdeguneren bat jartzeko modukoa, baina ikastetxea eraiki ahal izango litzateke.

Nolanahi ere, aurreikusitako planek aurrera jarraitzen dute, eta, gaur lizentzia aktibatu delarik, obrak kontratatzeko prozesua hasiko da. Era horretako kontratazio publikoak tramitatzeko ohiko epea —8 hilabete inguru— bukatzen delarik, ikastetxea eraikitzen hasi ahal izango da, beste atzerapenik gabe.

Share