Prentsa Oharren banner

‘Vigilantes del Aire’ proiektuan parte hartuko du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak, Gasteizko airearen kalitatea aztertzeko, marrubi-landareak baliatuz

Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología fundazioaren laguntza du Ibercivis Fundazioaren ekimen horrek.

Ibercivis Fundazioaren ‘Vigilantes del Aire’ ekimenean parte hartzeko gonbita egiten die Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak herritarrei. Hiriko airearen kalitatea ezagutzeko herritarren zientziaren arloko proiektu bat da. Oro har, hainbat herri eta hiritako airearen kalitatea aztertu nahi da, 5.000 marrubi-landare erabiliz, metalen bidezko ingurumen-kutsadura monitorizatzeko estazio gisa. Gerora, teknika magnetikoak aplikatuz, landare horien hostoetan metatutako metal-kopuruak identifikatuko dira, eta, hartara, inguruko airearen kalitatea kalkulatuko.

 

 

Landareen banaketa 

Salburuko Hezeguneak Interpretatzeko Zentrora (Ataria) jo beharko dute interesdunek, marrubi-landarea —ontzia eta guzti— jasotzera. Guztira 300 landare izango dira, eta urriaren 31tik azaroaren 13ra bitartean banatuko dira, zentroa zabalik dagoen orduetan.

Hiru hilabetez eduki beharko dira landareak balkoietan, aztertzera bidaliko diren hostoak moztu aurretik. Ez da komeni landarea haizeak zuzenean joko dion leku batean jartzea, ezta babestuegi edo estaltzen duten beste landare edo elementu batzuek —barandak edo— inguratuta ere.

Garaia iristen denean, otsailaren 24tik 29ra bitartean, bizpahiru hostotxo bidaliko dituzte herritarrek —posta arruntez— aztertzeko, orri zuri tolestu batean bilduta, horretarako emango zaien gutun-azal baten barruan, harremanetan datuekin batera.

Ohiko metodologia zientifikoa da ingurumena aztertzeko biomarkatzaileak erabiltzea. Hain zuzen ere, airearen kalitatea eskala handian aztertzeko aukera emango du azterlan horrek.

Informazio gehiago

 

 

 

 

 

 

 

 

Share