Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  4 abendua 2019 13:35

 

 

 

 

 

 

 

Herritarren Segurtasuneko zinegotzi Marian Gutiérrez eta ataleko hiru udaltzainek jaso dute saria Donostian.

Gasteizko Udaltzaingoaren Genero- eta Familia-Indarkeriaren taldeak Menina Saria jaso du gaur goizean, Donostian, indarkeria matxista desagerrarazteko duen konpromisoagatik. Euskadiko Gobernu Ordezkaritzak eman dio sari hori.

Herritarren segurtasuneko zinegotzi Marian Gutiérrez eta saria lortu duen ataleko hiru udaltzain izan dira Gipuzkoako hiriburuan, Gobernuaren ordezkari Jesus Loza buru zela egindako ekitaldian, zein Espainiako Konstituzioaren 41. urteurrenaren ospakizunen barrukoa baita.

Saria jaso ondoren, zinegotziak eskertu egin du “udaltzainek 15 urtez egindako lana; indarkeria matxista bezalako gai lazgarri batean lan bikaina egin duten gizon eta emakumeak. Ez naiz lanbideari dagokion dedikazioaz, inplikazioaz eta konpromisoaz bakarrik ari, baita alde pertsonalari dagokionaz ere “.

Ataleko arduradun Dorletak ere hitz egin du, eta adierazi duenez, “Aitortza hori egunero biktimen alde eta biktimentzat lan egiten dugun 10 pertsonen inplikazioari eta lanari esker lortu ahal izan da. Oso pozgarria da beraiengatik egin dugun guztia eskertzeko deitzen digutenean, eta, sinets iezadazue, hori da saririk onena “.

Udaltzaingoko Genero- eta Familia- Indarkeriaren Taldeaz gain, honakoak ere izan dira sarituak Menina Sarien hirugarren edizio honetan: Ermuko Emakumearen Etxea, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko Genero Indarkeriaren eta/edo Sexu Erasoen Ofiziozko Txanda eta Miren Ortubay abokatu gasteiztarra.

Hazkunde betean

Udaltzaingoaren Genero- eta Familia- Indarkeriaren Taldea 2004an sortu zen, 2 lagunekin. Gaur egun, 10 agentek ematen dute zerbitzua bertan: 5 emakumek eta 5 gizonek.

Talde honek udaltzaingoaren esku-hartze guztiak aztertzen ditu, genero-indarkeriako edo familia barruko indarkeriako kasuak antzemateko; Agirrelandan aurkeztutako salaketen ondoriozko atestatuak izapidetzen ditu, eta ofizioz ere jarduten du, beldurragatik edo ezjakintasunagatik salaketarik jarri nahi ez duten biktimak defendatzeko.

Biktimei epaitegietara laguntzeaz gain, haien segurtasuna kudeatzen du autobabes-neurriekin, udaltzainen zaintzaren edo GPS ekipo elektronikoen bitartez.

Era berean, urruntze-aginduen jarraipena ere egiten du. Egun 664 dira, guztiak Udaltzaingoaren jarduketen ondoriozkoak.

2019an, Genero- eta Familia-indarkeriaren taldeak indarkeria matxistaren biktima diren emakumeren 140 salaketa jaso ditu; horietatik 63k (% 45) 31 eta 45 urte bitartekoak dira, eta adin-talde ugariena osatzen dute. Halaber, deigarria da aurten genero-indarkeriaren biktima izan diren 6 neska adingabeak izatea.

 

Share