Prentsa Oharren banner

Udaletxeko estalkia berritzeko lehiaketa onetsi da

Tokiko Gobernu Batzarrak udaletxeko estalkia (Espainia plaza) berritzeko lanak kontratatzeko dosierra onetsi du, 370.931,51 euroan.

Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok azaldu duenez, teilatua oso zaharra da, eta hondatuta dago; hori dela kausa, filtrazioak eta kondentsazio-hezetasuna sortzen dira eraikinean. “Teila guztiak aldatuko ditugu, eta isolamendua jarriko, eraikinaren portaera termikoa hobetu eta kondentsazioak eragozteko”, iragarri du.

Bide batez,  beste alderdi batzuk hobetuko dira. “Jarduera horren osagarri, instalazioak berritu eta segurtasun neurriak ezarriko ditugu gerora mantentze lanak egin ahal izateko”, erantsi du Rodríguez Ramajok.

Lana gauzatzeko epea 190 egun naturalekoa izango da, obraren zuinketa egiaztatzen denetik kontatuta.

Kontratazio organoak Euskadiko Sektore Publikoko Kontratazioaren Plataforman iragarriko du kontratuaren lehiaketa.

Eraikin historikoa

Gasteizko udaletxea eraikin neoklasikoa da; 1791ko abenduaren 24an inauguratu zen, egun hartan egin baitzuen Udalak lehen saio instalazio berrietan.

Justo Antonio Olagibel arkitekto gasteiztarrak diseinatu zuen, garai hartako alkate Alamedako Markesak aginduta. Plaza berria, zabala eta dotorea eraiki nahi izan zuen agintariak, hiri berri baten abiapuntua izango zena.

Udaletxeko fatxada guztiz integratuta dago Gasteizko erdiguneko leku esanguratsu horrek osatzen duen multzoaaren barruan.

 

 

 

 

Share