Prentsa Oharren banner

Antonella Broglia Gasteizera etorriko datorren ostegunean, otsailak 13

Gizarte ekintzailetzan aditu eta telebistako pertsonaia den horrek ‘Hitzetik ekintzara’ jardunaldian hartuko du parte, Herritartasunerako Eskola Irekiaren barruan

 

Herritartasunerako Eskola Irekiak herritarren partaidetzari buruzko jardunaldia antolatu du datorren ostegunean, otsailak 13, Goiuri jauregian, ‘Hitzetik ekintzara’ izenburupean. Gizarte ekintzailetzaren alorreko erreferente Antonella Brogliak hartuko du parte, beste aditu batzuekin batera.

Herritarren Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok azpimarratu duenez, “herritarren parte-hartzeaz ari garenean, gai komunen eta interes kolektiboen inguruan eztabaidatu, kolektiboki hausnartu eta akordioak lortzeaz ari gara. Hori oso beharrezko eta garrantzitsua da, baina ez da nahikoa. Herritarren partaidetzaren helburua errealitatean eragin eta jardutea izan beharko litzatekeelako, hura hobetu eta eraldatzea, gure komunitateak solidarioagoak, erantzunkideagoak eta bizitzeko espazio erakargarriagoak izan daitezen”.

Berrikuntzaren eta herritarren partaidetzaren bidez ideiatik ekintzara nola igaro erakusten diguten ereduak eta esperientziak azaltzeko balioko du jardunaldiak.

Antonella Brogliak hainbat pertsonaren benetako istorioak kontatuko dizkigu, berrikuntza eta ekarpen txikiak eginez egunero mundua hobetzen laguntzen baitute.

Mahai-ingurua ere antolatu da, non protagonistek hainbat esku-hartze komunitario azalduko baitituzte: ‘La escalera’ proiektua, auzokoen arteko harremanak sustatzeko asmoz Espainiako zenbait hiritan abian jarritakoa; ‘maldita.es’ proiektua, herritarrak nahasten dituzten gezurrezko albisteak salatzen dituena, eta pentsiodunen mobilizazioa, pentsioen gaia agenda politikoan ahantz ez dezaten sortua.

Arratsaldean, Roberto Gómez de la Iglesiak lantegia eskainiko du; ekonomista eta kultur kudeatzaile ezagunak ‘Conexiones improbables’ programa arrakastatsua gidatzen du. Kultura, ekonomia eta gizarte berrikuntza uztartuz nola egin daitekeen lan era sortzailean ikasiko dute parte-hartzaileek.

Jardunaldia doakoa eta irekia da. Udalaren webgunean eman daiteke izena, 010 telefonoan, edo gizarte etxeetako herritarrei laguntzeko bulegoetan.

Share