Prentsa Oharren banner

Esleitu da udalaren belar artifizialezko pistak eta zelaiak mantentzeko zerbitzua

Tokiko Gobernu Batzarrak  DISPORT EKI SL enpresari esleitu dio Gasteizko Udalaren kirol instalazioetako belar artifizialezko pistak eta zelaiak mantentzeko zerbitzua, 60.255,28 euroan.

Esleipendunak onik zaindu beharko du ekipamendu horietako belar artifiziala, dagokion kirola (futbola, tenisa eta padela, nagusiki) segurtasun baldintzetan praktikatu ahal izateko“, azaldu du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok.

Enpresa adjudikaziodunak lan hauek egingo ditu, besteak beste: azalerak garbitu, penalti eta korner puntuak ikuskatu, eskuilatu, aireztatu, belarrak kendu, harea eta kautxua erantsi, marrak eta junturak kolatu eta kanaletak garbitu.

Ebazpena jakinarazi eta 15 egun baliodun igaro ondoren sinatuko da kontratua; lanak gauzatzeko epea urtebetekoa da.

 

Instalazioak

Esleitu den kontratuak hiriko kirol ekipamenduetako belar artifizialezko pista eta zelai guztien mantentzea bermatzen du, horien artean, 11ko futboleko 16 zelai: Abetxuku, Adurtza, Adurtzabal, Aranbizkarra, Ariznabarra, Betoñu, Lakua-Arriaga 13, Lakua 03 (futbola/errugbia), Lakua 03, Astronomoak, La Vitoriana 1,  La Vitoriana 2 (erdialdean), Olaranbe 1 (goialdean), Olaranbe 2 (behealdean, 11ko futbola +entrenamenduetarako gunea), San Martin eta Zaramaga.

Orobat, 5-7ko futboleko 7 zelai daude Gasteizen: Betoñu (aparkalekuaren inguruan), Betoño (erdialdean), Betoñu (estalia), Gamarra (muturrean), Gamarra (erdialdean), La Vitoriana eta  San Martin.

Bestetik, padelean aritzeko bi instalazio daude Arabako hiriburuan: bat Gamarran eta beste bat Mendizorrotzean; bakoitzean 4 pista daude.

Horretaz gain, Mendizorrotzean bi tenis-pista daude, baita atletismo-pista ere, eta Gamarrako udal parkean bada saskibaloi-pista bat. Herrandarren kaleko kirol askotako pistek osatzen dute eskaintza.

Instalazio guztiak aire zabalean daude, Betoñuko 5-7ko futbol-zelaia eta Mendizorrotzeko kirol-esparruko padel-pista erdiestaliak izan ezik.

 

Share