Prentsa Oharren banner

HIGA2020!: Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Hirugarren Topaketa aurkeztu dute, irailaren 6tik 9ra Gasteizen egingo dena

HIGA 2020, Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Hirugarren Topaketa, Gasteizen egingo dute irailaren 6tik 9ra. Gaur goizean prentsaurrekoa egin dute, Oihanederren Euskararen Etxean, ekimena aurkezteko, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren bezpera dela aprobetxatuz. Mundu osoko hiztun gazteak Gasteizen batuko dira, elkarren berri izan eta etorkizunera begira biziberritzeko egitasmoak elkarlanean antolatzeko. 2011n eta 2018an ere topaketa egin da hirian. Eta azken edizioan mundu osoko 75 gazte elkartu ziren Gasteizen, 35 hizkuntza gutxitu ezberdin hitz egiten zituen talde aberats eta dinamiko bat osatuz. Topaketan izena emateko epea irekita dago gaurtik eta maiatzaren 21era arte.

Hizkuntza asko daude munduan, baina denek ez dute bermatuta beraien biziraupena. Iñaki Gurtubai zinegotziaren arabera, “munduan 6.000 hizkuntza badaude eta 200 estatu, atera kontuak”. Hala ere, gutxitutako hizkuntza batzuek biziberritze prozesuan murgilduta daude eta hori da Gasteizen adibidea. Zinegotziaren esanetan eta hirian egindakoa balioan jartzeko, “berezia da Gasteizek hizkuntza biziberritzeari dagokionez egin duen bidea: 1986an, euskaldunak %6 ziren, 2016an, %26,17. Hiri gutxi egongo dira munduan, beren hizkuntza halako neurrian biziberritu dutenik.”.

Gobernuen politikez gain, funtsezkoa da herri ekimenetatik abiatutako lana munduko hizkuntza gutxituen alde. Zentzu horretan, gazteria izango da hizkuntza gutxituen biziberritzea ahalbidetuko duen gizarte-taldea. Globalizazio garai hauetan horrelako erronka bati erantzuteko, hizkuntza gutxituetako komunitate ezberdinetako kideen arteko elkartasun eta elkarlana funtsezkoak izango dira etorkizunean.

Gasteizen gazteek izan dute euskararen biziberritzearen ardura, zinegotziak emandako datu soziolinguistikoetan ikusten den bezalaxe. Horiek horrela, gazte planak, lehenik, eta euskara planak, gero, errealitate horri erreparatu diote eta egoki ikusi dute espazio bat sortzea euskara eta hizkuntza gutxituak biziberritzeko prozesuan ari diren gazteak biltzeko, elkar ezagutzeko eta bizipenak partekatzeko . Horixe da HIGA: hizkuntza gutxituetako hiztun gazteen topaketa.

Beñat Garaio HIGA-ko zuzendariak zehazten ditu HIGA-k dituen beste helburuak:

  • Hizkuntza gutxituetako mundu osoko hiztun gazteak batu fisikoki, elkarren berri izan eta etorkizunera begira biziberritzeko egitasmoak elkarlanean antolatzeko

  • Hizkuntza gutxituetako biziberritze prozesuen inguruan oinarri teorikoak eta bizipenezkoak jaso, topaketako parte-hartzaileek euren komunitateetara ezagutza horiek eramateko

  • Hizkuntza lankidetzaren helburuak jarraituz, euskararen biziberritze prozesua ezagutzera eman eta partekatzea, besteenetik ikasten dugun bitartean

  • Gazteriaren parte-hartzea aktibatzea, kasu honetan beraien bizitzaren esparru jakin batean

Aurreko HIGA ekitaldian gazteei formakuntza eskaintzeko Udalak eta EHU-k izan zuten elkarlana oso garrantzitsua izan zen. Aurten ere, bien artean Udako Ikastaro ofizial bat antolatu dute HIGA-ren harira. Mari Jose Olaziregi Letren Fakultateko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketa Sailburuaren aburuz, “pozgarria da UPV/EHUren ikuspegitik, topaketa hauek Uda Ikastaroen egitarauaren parte izatea. Arabako campusean 10-12 uda ikastaro antolatzen dira urtero, eta HIGA horien parte izateak Uda ikastaroei funtsezko ekarpena egiten die”. Bere esanetan, unibertsitatea bere esku dagoen guztia egiteko prest dago, 2018ko ekitaldian bezalaxe.

Baina EHU-ko Udako Ikastaro Ofizial bat izan arren, ez da ekimen akademiko soila izango, edo ez behintzat, bere osotasunean. Lau egun horietan denetarik antolatuko da parte-hartzaile guztien interesak eta izaerak kontuan hartzeko. HIGA3-ko zuzendariaren esanetan, gidoia hau izango da: goizetan hizkuntzen biziberritzearen inguruko hainbat gai jorratuko dira adituekin; arratsaldean ekintzak antolatuko dira Gasteiz hobeto ezagutzeko eta beraien arteko harremana sendotzeko; eta bukatzeko, gauetan, ekitaldi kulturalak antolatuko dira, izan kontzertuak, antzerkiak, poesia emanaldiak eta abarrekoak. Antolakuntzak matrikula, otorduak eta lo egiteko tokia ordainduko die gazteei, eta gauzak horrela, elkarrekin 24 ordu pasatuko dituzte lau egunez.

Pasa den ekitalditik hona jauzi kualitatibo nabarmena emango du HIGA2020!-k, izan ere, aurreko esperientzia arrakastatsuen ondoren erakundeak antolakuntzara batzen joan dira, modu batean edo bestean HIGA2020! indartuz. Hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren kasua. Prentsaurrekora joandako Josune Zabala HPSko Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariaren esanetan, “guk bereziki nabarmendu nahiko genuke gutxiagotasun linguistikodun (eta kulturanizdun) egoeran dauden gazteen arteko topaketek sinergietan eta harremaentan izan dezaketen eragin biderkatzailea. Gogoeta eta praktiketan, bizipenetan gauzatzen dena. Eta aukera hau EH mailan proposatu izana, eskergarri eta txalogarria da Eusko Jaurlaritzarentzat”.

Aurtengo ekitaldira gehitu den beste erakundeetako bat Arabako Foru Aldundia da. Lexuri Ugarte Gobernantza Irekiko eta Euskara Zuzendariak, bere hitzartzean, aipatzen du HIGA “aukera paregabea dela hizkuntza gutxituen aldarria gertutik ezagutu eta lau haizeetara zabaltzeko”. Iñaki Gurtubai zinegotziaren ildoa jarraituz, Arabak ere aurrerapauso handiak eman ditu euskararen bilakaera soziolinguistikoan eta “horrelako ekimenek agerian uzten dute arabarrok euskararen aldeko apustua berresten ari garela”. Arabako Foru Aldundiaren kasuan, bere Euskara Sustatzeko 2019-2013 Plan Estrategikoko euskara eta gazteria binomioari so egiteagatik adierazi nahi izan diote HIGA2020!-ri babesa.

Bestalde, Axier Urresti Vital Fundazioen zuzendari exekutiboak erakundeak “gure lurraldeko ondare historikoarekin eta kulturalarekin duen konpromisoa” nabarmendu du, “edozein hizkuntza ondare horren zutabea dela ulertuta, nahiz eta hizkuntza gutxitua izan. Ildo horretatik, beharrezkotzat jotzen dugu adin guztietako pertsonen prestakuntza, hezkuntza eta lanerako sarbidea bermatuko duen egitura bat sortzera bideratutako ekintzak babestea, batez ere gazteenen kasuan. Kultura, aisia, partaidetza eta balio komunitarioak sustatzera bideratutako proiektuak babestu nahi ditugu, sortzaile berriak, berrikuntza eta artea bultzatu, hizkuntza gutxituen ikuspegi aberasgarritik ere. Azken batean, kolektibo horrentzako berdintasuna bermatu”.

Share