Prentsa Oharren banner

Hamargarren urteurrena ospatzeko programazio bereziari hasiera eman dio Ibaiondoko gizarte-etxeak

• Erakusketak, antzerkia, bakarrizketak, kirol erakustaldiak, lantegiak, ur-festa bat, ipuin-kontalariak, batukada eta beste jarduera ugari izango dira martxoaren 8ra bitartean

 

 

 

 

 

2010eko martxoaren 5ean ireki zituen ateak Ibaiondoko gizarte-etxeak. Sareko hamabigarren zentroa izan zen, eta bera da handiena, 14.000 m2 erabilgarri baino gehiagorekin. Hamar urteren buruan, bete da helburua, zein baitzen hiri osoko erabiltzaileak erakartzea, bertan dauden instalazio bereziei eta garraio publikoaren bitartez duen konexio onari esker. Hartara, 355.317 sarrera zenbatu ziren 2019an, hau da, batez beste 1.070 erabiltzaile egunean. 

Ibaiondo Gizarte Etxeko X. urteurrena

Urteurrena ospatu eta zentroaren historia labur baina biziari gorazarre egiteko —baita hori posible egin duten pertsona guztiei ere—, jarduera-programa berezi bat antolatu du Gasteizko Udalak. Gaurtik eta martxoaren 8ra bitartean, erakusketak, antzerkia, bakarrizketak, aerobic-maratoia, kirol erakustaldiak, lantegiak, ur-festa bat, ipuin-kontalariak, batukada bat eta beste jarduera ugari izango dira, herritar guztiei zuzenduta. 

“Erreferente bat da Gasteiz gertuko politika publikoak garatu eta ezartzeari dagokionean. Eta gizarte-etxeak, hala nola Ibaiondokoa, adibide argiak dira, herritarren zerbitzura jarritako gertuko ekipamenduen erakusgarri gorenak. Hiriaren ezaugarri dira, eta harro egon beharra daukagu gasteiztarrok, halako ekipamenduak edukitzeagatik”, adierazi du Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Saileko zinegotzi Borja Rodríguezek, programazio bereziaren aurkezpenean. 

Kirol-instalazio horien artean, nabarmentzekoak dira: bi padel-pista, zeini belar artifizialeko zorua jarri baitzaie berriki, bi gimnasio, kirol-kantxa, zeinek, 2000 m2rekin, aukera ematen baitu aldi berean hiru saskibaloi-partida jokatzeko, eta, batez ere, igerileku berezia, zeinek, 1.130 m2-rekin, ohiko igeriketa-zonaz gain, relax-eremu bat baitu, igerileku ludiko batekin. Joan den urtean guztira 154.192 erabilaldi izan zituen igerilekuak, esan nahi baitu herritarrek gehien erabiltzen duten igerilekuetako bat izaten jarraitzen duela. 

Kulturaren esparruan ere erreferente garrantzitsua izan da Ibaiondoko gizarte-etxea, auzoarentzat nahiz hiri osoarentzat. Félix Petite antzokian musika- eta antzerki-emanaldi ugari izan dira urte hauetan guztietan. Nabarmentzekoak dira, era berean, nagusientzako liburutegia, familientzako liburutegia eta ikasketa-gela, zein 120 pertsona inguruk erabiltzen baitute egunean. Halaber, hainbat areto eta zazpi lantegi ditu zentroak, eta kultur programazio ugaria burutzen da bertan —kultur ikastaroak eta jarduera artistikorako hastapen-ikastaroak—, eta orobat jartzen dira zonako kolektibo eta eragileen eskura, beren premien arabera.

Share