Prentsa Oharren banner

Gasteizko Udalak Espainiako Gobernuak emandako 37.000 maskara jaso ditu

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Espainiako Gobernuak hiriari emandako 37.000 maskarako multzoaren zati bat jaso du, Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari Denis Itxasoren eskuetatik. Bidalketa horretaz gain, beste 13.000 maskara eman ditu Arabako Foru Aldundiak lurraldeko gainerako udalerrietan banatu ditzan. Administrazio zentralak 13.000 ale emango dizkie EAEko udalei orotara.

 

Gorka Urtaranek zein Denis Itxasok koronabirusak sortutako pandemiari aurre egitean erakundeen artean izandako lankidetzaren balioa azpimarratu dute. Gizarte entitateek, Eusko Jaurlaritzak, aldundiek, udalek eta EUDELek lagunduko dute babesteko materialak banatzen gaurtik aurrera.

Gasteizko alkateak Gobernuaren laguntza eskertu du. “Laguntza oro ongi etorria da, eta maskara hauei esker, zalantzarik gabe, Udalak babes-material gehiago izan dezake egunez egun gure plantillaren eta herritarren premiei erantzun eraginkorragoa emateko”, adierazi du Urtaranek, eta gogoratu du babesteko materiala arduraz  erabili beharra dagoela. “Higiene neurrien garrantzia aintzat hartzen jarraitu behar dugu, eta maskarak zuzen eta egoera bakoitzean behar den bezala erabili”, erantsi du.

Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari  Denis Itxasok, berriz, itxialdia arintzean ere “euskal herritarrak erantzukizun eta gizabide eredua ematen ari” direla nabarmendu du. “Banaketaren arrakasta ez da neurtuko ematen diren maskaren kopuruagatik, baizik eta gaurtik aurrera erabiltzea nahitaezkoa zela ez zekitenei —gutxienak— eman ahal izateagatik, ziur aski. Normaltasun berrirantz ematen ari garen pauso zuhurrak ez ziren posible izango herritarren kontzientziaziorik gabe. Haien konpromisoari esker ari gara lortzen helburuak”, esan du.

Share