Prentsa Oharren banner

Argiteria publikoa hobetzea Madril, Andaluzia eta Valladolid kaleetan

Datozen hilabeteetan, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak argiteria publikoa hobetuko du Madril, Andaluzia eta Valladolid kaleetan. Tokiko Gobernu Batzarrak kontratua Montajes Eléctricos ELCA enpresari esleitzea onetsi du, 69.496,40 euroan.

“Lanean jarraitzen dugu Gasteizko auzoak hobetzeko. Oraingoan, argiteria eta energia eraginkortasuna optimizatuz“, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok.

LED teknologiako 223 luminaria instalatuko dira aipatutako kaleetan, orain artekoak baino eraginkorragoak izaki. Energia-kontsumoa murrizteko aukera ematen du horrek —kontsumo elektrikoa (kwh) eta atmosferara egiten diren CO2 emisioak—, eta argiteria publikoaren energia-eraginkortasunaren araudiarekin bat datozen argiztapen- eta uniformetasun-mailak lortzekoa. Gainera, orain dauden argiek eragiten duten itsutzea eta argi-kutsadura ekidin nahi dira, baita mantentze-kostuak gutxitu ere, luminaria horien bizitza baliagarria konbentzionalena baino askoz luzeagoa baita. A energia-kalifikazioa lortuko da berrikuntzaren ondoren.

 

Share