Prentsa Oharren banner

BAT kargatzeko aplikazio mugikor berriak 9.000 eragiketa gainditu ditu

 

 

BAT NFC gailu mugikorretarako doako aplikazio ofiziala da, Arabako Mugikortasun Agintaritzak (AMA) sustatua, zeinean Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak hartzen baitute parte 

Kontsultak egitea eta diru-zorroa zein aldi baterako tituluak kargatzea ahalbidetzen du, geltoki batera joan beharrik gabe 

Aurrera doaz Arabako Garraio Partzuergoa sortzeko lanak

 

Arabako Mugikortasun Agintaritzak (AMA) —Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak osatzen dute— gailu mugikorretarako BAT NFC aplikazioa jarri zuen abian joan den urtarrilean; BAT txartelean kontsultak egitea eta hori kargatzea ahalbidetzen du tresna horrek. Geroztik, 9.000 eragiketa baino gehiago egin ahal izan dira aplikazioaren bidez. Zehazki, 9.477. Batez besteko karga 10,85 eurokoa da.

AMAren lehendakari Amaia Barredok aplikazioa erabiltzen jarraitzera animatu ditu herritarrak, eta horren erabilgarritasuna gogorarazi du, are handiagoa une honetan: “aplikazioa BAT txartela kargatzeko modurik ziurrena da, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko gomendio sanitario guztiak betez”. AMA osatzen duten erakundeek gogora ekarri dutenez, garraio publikoaren sare osoan hainbat neurri ezarri dira azken hilabeteetan bidaiarien osasuna eta segurtasuna babesteko. Orobat, garraio publikoarekiko konfiantza berreskuratzen ahalegintzeko konpromisoa hartu dute.

 

BAT NFCaren ezaugarriak

BAT NFC doako aplikazio ofiziala da, NFC gailu mugikorretarako; nahi beste aldiz erabil daiteke, eguneko edozein ordutan eta edonondik, sareko gune fisiko batetik (kutxazain automatikoa, kargatzeko makina, etab.) igaro beharrik gabe.

Besteak beste, eragiketa hauek egin daitezke BAT txartelean:

  • Diru-zorroa erosi eta berehala kargatzea.
  • Aldi baterako txartelak erosi eta berehala kargatzea.
  • Saldoa eta azken 15 mugimenduak kontsultatzea.
  • Mapak eta beste dokumentu interesgarri batzuk kontsultatzea.
  • Erosketa faktura sinplifikatua sortzea.

 

Arabako Garraio Partzuergoa

Bestalde, Arabako Mugikortasun Agintaritzak lantalde bat sortuko du Arabako Garraio Partzuergoaren garapena aztertzeko. Hala erabaki zuten AMA osatzen duten kideek azken osoko bilkuran, aste honetan. Partzuergo hori Araban garraio publikoa planifikatu eta kudeatzeaz arduratuko da eta ahalmen administratiboa izango du.

 

 

 

Share