Prentsa Oharren banner

(Audioaz gaurkotua) Esleitu da Olarizuko parkeko sarrera-zentroa sortzeko obra

 

Amaia Barredoren adierazpenak

Tokiko Gobernu Batzarrak Olarizuko parkeko sarrera- eta informazio-zentroa sortzeko kontratua esleitzea onetsi du gaur goizean. Lizitazio aurrekontua 397.193 euro zen, eta azkenean Campezo enpresak 373.084,27 euroan egingo ditu lanak. Zehazki, % 6ko jaitsiera eskaini du enpresak.

Proiektuak barne hartzen ditu Jose Mardones kalean EEEren mugikortasun elektrikoko zentroa izandako informazio-bulegoa desmuntatu, lekuz aldatu eta berreraikitzeko lanak, gaur egun ez baita erabiltzen. Obrak burutzeko epea 20 astekoa izango da.

“Sarrerako atea izango da harrera-bulegoa, lorategi botanikora doazen bisitariei ongietorria eta informazioa emateko lekua. Era berean, etorkizuneko parkeko jarduera ludikoak kudeatzeko gunea izango da, baita bizikletak alokatzeko ere, erakustareto txiki bat izateaz gain. Olarizu Eraztun Berdearen barruko harribitxietako bat da, eta Euskadiko lorategi botanikoa handia bihurtuko dugu“, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok.

Olarizuko parkera sartzeko zentroaren instalazioak hirigintza-aldaketak eskatuko ditu inguru hartan. Zabaldu egingo da Olarizu hiribidearen amaieran kale-muturra inguratzen duen espaloia, halako moduan non plaza txiki bat sortuko den, eraikinari zerbitzu emateko eta etorkizunean bestelako erabilera batzuk ere emateko. Bateratu egingo dira espazioak, sarrera eroso egin ahal izan dadin, hiribidetik zein espaloitik. Inguruko argiztapena ere aldatuko da: kendu egingo dira gaur dauden farolak, eta horien truke zutoin eta proiektoreak ipiniko.

Espazioaren hegoaldeko muturrean instalatuko da harrera-zentroa, eta bertan horma bat paratuko da, aldi berean esertzeko banku bat eta Olarizuko lorategi botanikoko sarrera iragartzeko letra eskultorikoen oinarria izango dena. Horma zein letrak altzairuzkoak izango dira, eta hori modu kontrolatuan herdoilduko da, harik eta nahitako kolorea lortu arte; gero bernizez babestuko dira.

Harrera-zentroak Olarizuko lorategi botanikoko informazio- eta laguntza-zerbitzua hartuko du, eta baita olgeta-jarduera osagarriak egiteko lekua ere: landare-labirintoa, tirolina, anfiteatroa, izadi-jolasak, etab. Halaber, bizikletak alokatzeko lekua ere izango da. 200 metro koadro inguru izango ditu, eta oinezkoentzako bi sarbide. COVID-19aren pandemia dela eta zentroa sortzeko lanetako batzuk, anfiteatro berdea esaterako, gelditu egin behar izan dira, baina datozen asteetan ekingo zaie berriro.

 

Share