Prentsa Oharren banner

(Gaurkotua) Gasteizko Udalaren erakunde-adierazpena, 2020ko maiatzaren 17a Lesbo-Bi-Gay-Transfobiaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta

Deklarazio hau berretsi da gaur, maiatzak 22, osoko bilkuran, eta baita ere honako gaiei dagokienak: Errege Atea kaleko lan istripuari dagokiona, non langile bai hil zen, eta ageriko arrazoirik gabe desagertutako pertsonen familiekiko elkartasuna erakusteko deklarazioa.

 

Maiatzaren 17a LGTBIfobiaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, Gasteizko Udalak berriro ere erabateko arbuioa adierazi nahi du lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualen aurka halakoa izateagatik edo halakotzat jotzeagatik azaldutako jarrera, portaera edo adierazpen ororen aurrean; orobat, hiri libre eta askotarikoa, talde horren kontrako erasoei aurre egiten diena, eraikitzeko konpromisoa adierazten du.

“Normaltasun” testuinguru batean LGTBI pertsonek aurrez aurre izan ohi dituzten estigmari eta parekotasun ezari COVID-19ak eragindako krisialdia dela eta areagotzen ari diren arazoak gehitu behar zaizkio, esklusio eta bazterkeria arriskua —zuzenekoa zein zeharkakoa— handitzen baitu. Izan ere, LGTBI pertsonaren bat aurretik baztertuta bazegoen haren familiak edo harekin bizi direnek haren sexu-orientazioa edo genero-identitatea onartzen ez zutelako, orain, alarma egoera dela kausa ezarri diren mugimendu murrizketek, etxean egon beharrak eta itxialdiak pertsona horrek ezinegon, estres, isolamendu eta bakardade egoerak bizitzea ekar dezake, edo egoera horiek larriagotzea, espazio horiek ezin baitituzte benetako etxegune segurutzat jo, baizik eta indarkeriazko egoerak gerta daitezkeen espaziotzat, erabateko ikusezintasunean babestuta.

Birusa hedatzea eragozteko prebentzio-neurrietako bat, isolamendu soziala, arrisku-faktorea da LGTBI pertsonen ongizate psikikoarentzat, kasu askotan haien sostengu sareak familia-etxeetatik kanpo daudelako, eta une honetan ezin dituztelako hurbil eduki itxialdia hobeto eraman ahal izateko. Iruditeria heteronormatiboa nagusi den gizarte batean, sexu eta genero aniztasunaren irudikapenak oso gutxi direlarik, komunitatea biziki garrantzitsua da talde baten parte izaten jarraitzeko, identifikaziorako eta bakardade sentimendua apurtzeko.

Gainera, jarduera gelditu izanaren ondorio ekonomiko eta sozialek neurri handiagoan eragingo diete pertsona ahulenei, baita arau soziala gehien apurtzen dutenei ere, eta horrek bereziki eragiten die LGTBI pertsonei hainbat esparrutan, hala nola enplegua, osasuna eta baliabideen eskuragarritasuna. Egoera horiek areago oker daitezke sexu-orientazioaz eta genero-identitateaz gain desberdintasunen beste iturri estruktural batzuk kontuan hartuz gero, zeinak LGTBI pertsonek ere jasaten baitituzte: kultura jatorria, adina, egoera sozioekonomikoa, dibertsitate funtzionala, etab.

Ikusgune-LGTBIfobiaren kontrako behatokiak sexu-orientazioa eta genero-identitatea direla eta izandako erasoei buruz aurten landu duen txostenean (2019ko maiatzetik 2020ko apirilera arte), 25 gertakari jaso dira: 12 homofobiagatik; 3, lesbofobiagatik; 3, transfobiagatik; 3, genero barruko indarkeriagatik; 2, serofobiagatik, eta 2, LGTBIfobiagatik. Horiek alor ezberdinetan gertatu dira: lana, politika, erakundeak, familia, espazio publikoa, aisialdi espazioa, sare sozialak eta aplikazioak.

Hogeita bost gertakari horiek hazkunde nabarmena adierazten dute aurreko txostenen aldean, 2018-2019 txostenean 13 kasu jaso baitziren, eta 2017- 2018koan, 15 kasu. Ikusguneren arabera, hazkundearen arrazoia ez da gizartean LGTBI pertsonekiko gorrotoa handitu izana, baizik eta erasotutako pertsonek gero eta beldur gutxiago izatea salatzeari, eta Behatokiak bere lana betetzeko gaitasun handiagoa izatea.

Gasteizko Udalak konpromiso hauek berresten ditu:

  • LGTBI pertsonentzako informazio eta arreta baliabide oro ikusaraziko ditu.
  • Arauzkoak ez diren sexualitateak, generoak eta desioak ikusarazten saiatuko da.
  • Diskriminazio, estigmatizazio eta indarkeria LGTBIfobikoaren aurka borrokatuko du, bereziki, Berdintasunerako politiketan sexu- eta genero-aniztasuna txertatzeko Agenda inplementatuz, plangintza-agiri horrek ekintza zehatzak jasotzen baititu, eta Ikusgune-Gasteizko LGTBIfobiaren kontrako behatokia sustatuz.

Azkenik, Ikusgune-Gasteizko LGTBIfobiaren kontrako behatokiaren kontaktuak gogorarazi nahi dizkizuegu, eraso LGTBIfobikorik jasan edo ikusten baduzue hara jotzerik izan dezazuen:

Telefono-zenbakia: 633 309 653

– Posta elektronikoa: info@ikusgune.eus

– Web-orria: www.ikusgune.eus

 

Share