Prentsa Oharren banner

Lakuako pilotalekuko eta Pio Baroja ikastetxeko harrera-zentroetako erabiltzaileen irteera prestatzen ari dira Gizarte Politiken Saila eta Gurutze Gorria

 

Hogeita hamar bat pertsonari emango die ostatua entitate humanitarioak; horietako zortzi hurrengo egunetan aterako dira.

 Pio Baroja ikastetxeko zentroa ekainean itxiko da, eta ondoren Lakuako pilotalekukoa.

 

Gaur aurkeztu dute Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak eta Gurutze Gorriak pandemiaren ondorioei aurre egiteko Lakuako pilotalekuan eta Pio Baroja ikastetxean hartu ziren pertsonak bertatik ateratzeko prestatzen ari diren plana.

Prentsaurrekoan azaldu dituzte arloko zinegotzi arduradun Jon Armentiak eta Gurutze Gorriaren Euskadiko koordinatzaile Aitor Allendek bi erakundeak modu koordinatuan ematen ari diren pausuak, pertsona guzti horiei ostatu emateko, eta inor kalean gera ez dadin.

 Pio Baroja ikastetxean eta Lakuako pilotalekuan 56 pertsonari ematen zaie ostatu gaur egun; zazpi emakumeak dira. Baliabideetako lehena martxoaren 17an ireki zen, 30 pertsonarentzako lekuarekin; gero, martxoaren 22an, kirol instalaziora aldatu zen, 50 ohe jarri baitziren bertan. Apirilean, berriro ireki zen Pio Baroja ikastetxea; Lakuako pilotalekuan zeuden hamar bat musulman hartu zituen, ramadanaren aginduak betetzerik izan zezaten. Baliabide batean nahiz bestean, ostatua, mantenua, garbitzeko lekua (dutxak) eta garbitegi-zerbitzua dituzte erabiltzaileek.

Deseskalada hastearekin batera, pertsona horiek ere normaltasun berrira itzultzen hasiak dira, apurka, eta ostatua eman beharra dago. Nahiz eta batzuek bazuten, alarma-egoera ezarri aurretik. “Hamaseik bakarrik lo egiten zuten kalean; bostek neguan ostatu emateko bitartekoan lo egiten zuten, eta beste bost ospitale-zerbitzuetan zeuden. Gainerakoek, erdiak baino gehiagok, bazuten ostaturen bat, baina utzi egin behar izan zuten, edo, arrazoiren batengatik, bota egin zituzten bertatik: ez ordaintzeagatik, senideen arteko liskarrengatik, ostatu ezegokia zelako…”, arloko zinegotzi arduradun Jon Armentiak azaldu duenez.

Ekainean ixtea

Pertsona horiek non bizi izan dezaten, elkarlanean ari dira Udala eta Gurutze Gorria, eta, nahiz eta Lakuako pilotalekuak eta Pio Baroja ikastetxeak zabalik jarraituko duten, erabiltzaile bakoitzarentzat ibilbide bat diseinatu arte, Pio Baroja ikastetxea ekainean ixtekoa asmoa du Gizarte Politiken Sailak, eta Lakuako pilotalekua, berriz, ekaina eta uztaila bitartean. “Iraungitze-data jarri diegu bizitegi-bazterketa bizi duten pertsona askori laguntzeko baliatu ditugun bi harrera-baliabide horiei. Pertsona horiei etorkizun bat eskaintzeko lanean ari gara, kaletik ateratzeko, inklusioa ahalbidetuko duen laguntza emanez”, azaldu du Armentiak.

Hain zuzen ere, proiektu bat garatuko du Gurutze Gorriak, Eusko Jaurlaritzaren Lehen Urratsa programak finantzatuta, gutxienez pertsona horien arteko hogeita hamarri ostatu eman ahal izateko. Lehenengo 8ak hurrengo egunetan aterako dira. Hilabete hauetan, hainbat boluntario eta profesionalek lan egin dute haiekin, besteak beste bizikidetza, higienea, elikadura eta medikazioa zaintzeko. “Bestelako pertsonak dira orain. Pertsona berriak, beste jarrera bat dute, ez baitaude lehengo egoeran; aldatua da jokabidea, aldatuak higienea eta osasuna. Inklusioan sinesten dute orain pertsona horiek, eta litekeena da lehen baztertuak ziren lekuetan onartuak izatea”, adierazi du Aitor Allendek.

Gainerako erabiltzaileei dagokienez, Udala hasia da dagoeneko erantzun bat ematen. Aurreko egunotan, zainpeko etxebizitzetan eman zaie ostatu bi pertsonari.

Beste batzuk Harrera Sozialerako Udal Zentrora itzuli ahal izango dira. Izan ere, alarma-egoera bukatzen denean, 60 pertsonarentzako edukiera izango du berriro udal aterpe horrek, eta erreserbako beste zazpi leku, “prebentzio-neurri gisa, koronabirusak agerraldi berririk badu ere”.

 Bizitegi-bazterketa bizi duten pertsonei laguntzeko beste udal baliabide batzuei dagokienez, Aterpearen plangintza egiten ari da Udala, aurki berriro gaueko zentroa izan dadin. Orain, eguneko 24 orduetan ari da funtzionatzen ostatu-baliabide gisa.

Bestalde, neguan ostatu emateko bitartekoaren proiektu berria lantzen ari da Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Saila, gaueko eta eguneko zentro gisa funtzionatu ahal izango duen espazio berri bat izan dezan.

Azkenik, pandemiak iraun bitartean erakundeen artean izan den elkarlana nabarmendu du Jon Armentia zinegotziak. “Gurutze Gorriarekiko elkarlana dugu horren adibide argia. Egoera kritiko hori aukera bihurtu dugu, etxerik gabeko pertsonengana lehen baino hobeto iristeko, eta ostatu-alternatiba bat eskaintzeko, duintasuna emango dien ostatu bat, aurrera ateratzeko eta gizartera berriro biltzeko balioko diena”.

Share

Eskerrak eman dizkio alkateak COVID-19ren aurka 10.000 bisa inguru fabrikatu dituen Gasteizko maker komunitateari

Gasteizko alkateak eskerrak eman dizkie, gaur goizean, Gasteizko maker komunitatearen ordezkariei. 600 pertsonak Euskadin osatutako sarea (300 Araban) gau eta egun aritu da lanean pandemia garaian, musu truk, COVID-19aren kontrako 10.000 bisera inguru egiteko Araban. 3D-ko inpresioan aditu diren boluntarioek osatu dute komunitatea, ingeniaritza eta diseinuaren arloko profesionalek, hain zuzen ere, eta zipriztinen aurkako biserak egiten hasi ziren osasun arloko langileek berek baliozkotutako modelo batean oinarrituz. Belarriak babesteko eta ateak irekitzeko tresnak ere egin dituzte.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek azpimarratu egin du “pertsona horiek komunitatearen alde egindako lana eta ahalegina”. Alkateak herritar guztien esker ona helarazi die eta “oso harro” agertu da “udalerrian horrelako pertsonak izateaz”. Maker komunitateko ordezkari Iker Martinezek balioetsi egin du herritarren, udalaren, merkatari txikien, hainbat enpresaren -SEUR esaterako- eta, oro har, komunitateari lagundu dioten erakunde eta pertsona guztien lankidetza.

Gasteizko Udalak Simon Bolibar plazako areto bat aldi baterako laga dio COVID-19aren kontra eratu den maker komunitateari, 3D baliatuz osasun materiala egiten laguntzearren. Izan ere, boluntario talde horren lanak bolumen handia hartu du, eta leku bat behar zuten koordinatzeko eta produktuak eta material dohaintzak biltegiratzeko. Aldi berean, udalak PVC-ko 7000 lamina garden ere eman zituen. Halaber, gasteiztar askoren dohaintzak eta laguntza jaso ditu maker komunitateak, baita merkatari txikiena ere. Eta bereziki nabarmendu nahi izan dute sektore hori, bizi duten une zail hauetan.

Share

Udaltzainen eta suhiltzaileen esku-hartzeak

Azken 24 orduotan, Udaltzaingoak bederatzi zirkulazio-istriputan lagundu behar izan du eta lagun bat zauritu da horietan.

Sutea sastraka artean

Atzo, arratsaldeko 16:00etarako minutu gutxi falta zenean, Gobeon, A-3602 errepidearen ondoko sastraketan, sutea piztu zela zioen abisua jaso zuten suhiltzaileek. PSISZko kideek sua itzaltzeko ur kantitate handia erabili behar izan zuten material ugari zegoelako bertan.

 

Share

Ekainaren 15era arte luzatu da Fotoarte 2020

Uztailaren 3an jakinaraziko da epaimahaiaren epaia.

Alarma-egoerak etenarazi zituen epe administratiboak berriro ere irekita daudelarik, Hezkuntza eta Kultura Sailak du FotoArte lehiaketan parte hartzeko epea ekainaren 15era arte luzatzea erabaki du. “Dantza” da ekimenaren 16. edizioaren gai protagonista.

Fotoarteren helburu dira herritarrak argazkilaritzara hurbilaraztea, alor horretan sorkuntza sustatzea, eta irudi iradokitzaileen bidez jarduera artistikoa modu erakargarrian ikusten laguntzea. Iazko edizioan 474 artistek hartu zuten parte, eta 844 lan aurkeztu zituzten guztira.

Lanak bide elektronikoz aurkeztu beharko dira, https://www.vitoria-gasteiz.org/fotoarte webgunean ageri den formularioa baliatuz.

Epaimahaiak 32 argazki aukeratuko ditu, eta horiekin erakusketa ibiltaria egingo da gizarte etxeetan; udalaren webguneko espazio birtual batean ere erakutsiko dira.

Lehenengo saria 1.000 eurokoa izango da; bigarrena, berriz, 400 eurokoa. “Aurten kendu egin dugu hirugarren saria, eta 400 eurorekin hornitutako Gasteizko artisten sariarekin ordezkatuko dugu, zein Gasteizen bizi diren edo bertan ikasi edo lan egiten duten pertsonek aurkeztutako argazkirik onenari emango baitzaio”, azaldu du Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Orobat, bi accesit emango dira, bakoitza 150 eurokoa.

Uztailaren jakinaraziko da epaimahaiaren epaia, https://www.vitoria-gasteiz.org/fotoarte webgunean.

Informazio gehiago: https://www.vitoria-gasteiz.org/fotoarte

Share

Ostegunean irekiko da epea Suspertze Planaren barruko lehen laguntzak eskatzeko

Lehen alkateorde Maider Etxebarriak aurreratu duenez, enpresak sortu eta finkatzeko laguntzak bihar argitaratuko dira ALHAOn, eta hilabetez eskatu ahalko dira

Hurrengoak segurtasun-materiala erosteko aparteko laguntzak izango dira, zeinak astelehenetik aurrera tramitatu ahalko baitituzte enpresa txikiek

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Planaren barruko lehen dirulaguntzak abian dira; Udalak sustatutako laguntza eta ekimen sorta handia biltzen du planak, merkatariei, ostalariei, hotelariei eta hainbat ekonomia-sektoretako enpresa txikiei pandemiaren ondorioen aurkako borrokan laguntzeko. Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak gaur arloko batzordean aurreratu duenez, herritarrek etzi, ostegunean, eskatzen hasi ahalko dira enpresak sortu eta finkatzeko laguntzak. Datorren astelehenean, berriz, segurtasun-materiala (gelak, manparak, maskarak eta eskularruak) erosteko aparteko laguntzak eskatzeko epea irekiko da. Gehienez hamar langile dituzten enpresek eskatu ahalko dituzte laguntza horiek. “Enpresa txiki eta ertainekin eta autonomoekin hartutako konpromisoa betetzen dugu, aurreikusitako epeen barruan gaude, eta laster jarriko ditugu martxan Suspertze Planaren barruko gainerako neurriak”, erantsi du zinegotziak.

Etxebarriak zehaztu duenez, “ALHAOren arduradunek jakinarazi digutenaren arabera”, bihar, hilak 10, argitaratuko dira Suspertze Planaren barruko lehen laguntzak buletinean, bi multzotan. Batetik, enpresak sortzeko eta finkatzeko laguntzak ditugu, 126.700 euroko aurrekontuarekin. Argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, alegia, ostegunetik, hilabeteko epea izango da eskabideak aurkezteko. Iazko deialdiaren aldean bada berrikuntzarik: 5 urte arteko antzinatasuna duten negozioek eskatu ahalko dituzte. Orain arte 3 urte zen muga.

Bestetik, segurtasun-materiala erosteko laguntzak ditugu; horien bidez 750.000 euro banatuko dira dirulaguntzetan. Enpresa txikiek birusaren kontrako babes- eta higiene-neurrietan egiten dituzten gastuak estaliko dituzte laguntza horiek. Etxebarriak zehaztu duenez, eskabideak aurkezteko epea datorren astelehenean, hilak 15, irekiko da, eta hamabost egun iraungo du. Diruz lagundu daitezkeen gastuen artean daude maskarak, eskularruak, aurpegia babesteko pantailak, manparak, prebentzioko eta higiene sanitarioko materiala eta instalazioak desinfektatzeko materiala, hala nola gel edo xaboi desinfektatzaileak. Birusak eragindako aholkularitza- eta kontsultoria-gastuak ere finantzatuko dira, baita itxialdian eraldaketa digitalarekin lotuta egin diren inbertsioak ere.

 

 

Share

Gasteizko Udalean kontsumoko arbitrajeak egiteari ekingo diote berriro

Bihartik, ekainak 10, kontsumoko arbitraje-prozeduretako entzunaldiak egiteari ekingo zaio berriro Gasteizko Udalean, Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak eskaintzen dituen zerbitzuetako bat baita. Kontsumoko arbitraje-prozedura gatazkak konpontzeko sistema bat da, herritarrei doan eskaintzen zaiena. Auzibideaz bestelako bidea da, kontsumitzaile eta erabiltzaileek enpresekin izan ditzaketen ezadostasunak konpontzeko helburua duena; haren erabakiak lotesleak eta betearazleak dira.

Horretarako, bi alderdiei entzunaldi batera deitzen zaie, arbitro bakar baten edo arbitraje talde baten aurrean —erreklamazioaren zenbatekoaren arabera— beren interesak aldezterik eta alegazioak aurkezterik izan dezaten. Zuzenbideko lizentziadun batek, kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen ordezkari batek eta enpresa-elkarteen ordezkari batek osatzen dute talde hori.

Entzunaldiak behar diren prebentzio neurri guztiak hartuta egingo dira, bai edukierari bai higiene eta babesari dagokienez.

2019an 84 arbitraje-prozedura egin ziren; erreklamazioen ehuneko handi bat telekomunikazioen sektorearekin lotuta zegoen.

Share